Jon Gurrutxaga Osinalde sariketako finalean izango da

Uztarria.eus 2015ko api. 8a, 14:33
Jon Gurrutxaga bertsolaria.

Zapatuan, apirilak 11, jokatuko da 44. Osinalde sariko finala, Gabirian. Gurrutxagak hirugarren eta azken kanporaketan abestu zuen eta han lortu zuen finalerako txartela. Erniarraitzeko Eneritz Artetxe azkoitiar bertsolaria ere finalean izango da.

Zapatuan, apirilak 11, jokatuko da 44. Osinalde sariko finala, Gabirian. Bertan ariko da kantuan Erniarraitz Bertsozale Elkarteko Jon Gurrutxaga azpeitiar bertsolaria. Harekin batera izango dira finalean, Eneritz Artetxe (Azkoitia), Xabi Igoa (Zaldibia), Gemma Urteaga (Ordizia), Oihana Iguaran (Amasa-Billabona) eta Eñaut Martikorena (Gabiria). 

Bertsolari gazteentzat sona handiko sariketa da Osinalde. Guztira, hiru kanporaketatan hamazortzi bertsolarik hartu dute parte, eta handik sei sailkatu dira finalera. Gurrutxagak hirugarren eta azken kanporaketan, Aztirin, abestu zuen eta han lortu zuen finalerako txartela. Azpeitiarrak aurten hartu du parte aurrenekoz Osinalden, eta finalerako "gogoz" dagoela jakinarazi du: "Dena ematera joango naiz finalera, ahal den saio onena egitera".