Aldundiaren aurrekontuko bi milioi euro zertan gastatu erabakitzeko ekarpenak egin ditzakete herritarrek

Uztarria.eus 2015ko api. 7a, 14:48

Abian da Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu parte hartzaileen prozesua. Urola Erdiko herritarrek bi milioi euro zertan gastatu nahi dituzten erabakitzeko ekarpenak egin ditzakete dagoeneko, Internet eta eskuorri bidez, nahiz apirilaren 16an egingo den batzarrera joanda.

Duela bi urte hasitako prozesuari jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiak parte-hartze prozesua abiatu du aurten ere, Urola Erdiko biztanleek bi milioi euro zertan gastatu nahi dituzten erabaki dezaten.

Dagoeneko abian da aurreneko fasea. Horrenbestez, herritarrek euren proposamenak egin ditzakete apirilaren 30a bitartean, www.aurrekontuahobetzen.eus webgunearen, Gipuzkoako aldizkariarekin banatzen ari diren eskuorriak postontzietan utzita (postontziak udaletxeko sarreran eta liburutegian daude) edo herriz herri egingo diren tailerretan parte hartuta. Azpeitiko bilera apirilaren 16an, osteguna, izango da udaletxeko bosgarren solairuan, 19:00etan hasita. Bilera horretan, parte-hartze prozesuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, herritarren proposamenak jasoko dituzte.

Ekarpenak egiterakoan bi irizpide jarraitu behar dituzte herritarrek. Proposamenak eskualderako onuragarria izateaz gain, aldundiaren eskumenekoa izan behar du. Aldundiak aurreratu duenez, lehentasuna emango zaie epe luzeagoko proiektuei.

Bigarren fasean jasotako proposamenak aukeratuko dituzte herritarrek. Ekaineko bigarren astean ekingo diote fase horri, eta behin aukeraketa eginda, proiektuok bideragarriak al diren aztertuko dute aldundiko teknikariek.  Behin betiko proiektu proposamenak iraileko bigarren hamabostaldian hautatuko dituzte herritarrek eta urrian txertatuko dituzte aurrekontu proposamenean. 

Aurten Gipuzkoako hamar eskualdetan jarriko du martxan prozesua aldundiak: Bidasoan, Buruntzaldean, Debabarrenean, Debagoienean, Goierrin, Oiartzaualdean, Tolosaldean, Urola Erdian, Urola Garaian eta Urola Kostan. Gainera, berrikuntza moduan, eskualdeetako garapen agentziak sartu dituzte prozesuan, eta horiekin batera erakundeek eta udalek ere aukera izango dute ekarpenak egiteko.