Herriko euskarazko hedabideak diruz laguntzeko hitzarmena sinatzea aho batez onartu dute Udalean

Uztarria.eus 2015ko api. 1a, 13:42

Uztarria Komunikazio Taldearen, Urola Kostako Hitza-ren eta Erlo telebistaren diru-laguntza zuzenak arautzeko hitzarmenez aritu ziren atzo udalbatzarrean. Udaleko hiru (Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek) eman zuten hedabideek Udalarekin hitzarmena sinatzearen aldeko botoa. Hori dela eta, Uztarria Komunikazio Taldeak 31.583, 26 euro jasoko ditu 2015. urtean.

Atzo, asteartea, egindako udalbatzarrean Uztarria Komunikazio Taldearen, Urola Kostako Hitza-ren eta Erlo telebistaren diru-laguntza zuzenak arautzeko hitzarmenak izan zituzten hizpide, beste gai batzuen artean. Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek (Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek) eman zuten herriko hedabideek eta Udalak urtebeterako hitzarmena sinatzearen eta komunikabideok diruz laguntzearen aldeko botoa.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan zuen "euskara eta hedabide hauek estrategikoak" direla, eta "horien aldeko apustua" egiten dutela. Aitor Gorrotxategi EAJren bozeramaileak ere hartu zuen hitza, eta akordioaren aldeko jarrera agertu zuen arren, "konbentzitu behar gaituzte" esan zuen: "Jarraipena egin behar zaie hedabideei, eta jakin behar dugu zer egiten duten. Zerbitzua eskaintzen dute eta erreflexioak-eta egingo dituzte. Beraz, ondorioak udalari jakinarazi behar lizkiekete, dirua ematen zaielako".

Horrenbestez, hitzarmenak sinatutakoan, 2015ean, Uztarria Komunikazio Taldeak 31.583,26 euro jasoko ditu abian dituen komunikazio proiektuetarako, eta bestelako produktuak kaleratzeko 2.463 euro. Urola Kostako Hitza-k 27.000 euro jasoko ditu, eta 6.000 euro Erlo telebistak.