Azpeitia eskuzko Herriarteko Txapelketara itzuliko da aurten

Uztarria.eus 2015ko mar. 31a, 18:08

Ilunpe elkarteko pilotariek 2013ko eta 2014ko edizioetan ez zuten lehian parte hartu. 2004an, 2008an eta 2010ean txapelketa irabazi zuten azpeitiarrek.

Orain dela bi urte irekitako parentesia itxi, eta Azpeitia eskupilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan izango da berriro aurten. Hala baieztatu dute Ilunpe elkarteko kideek. Bikoteen osaketa oraindik guztiz erabaki gabe dutela adierazi diote Uztarriari, baina lehiatzeko prest daude aste gutxi barru hasiko den txapelketan.

Herriartekoan kadete, jubenil eta senior mailako bikote banarekin lehiatzen dira parte hartzen duten herriak. Maila guztietan bikoteak osatzeko zailtasunak tarteko, Ilunpe elkarteko pilotariek 2013ko eta 2014ko edizioetan ez zuten lehian parte hartu. 2004an, 2008an eta 2010ean txapelketa irabazi zuten azpeitiarrek.