Aste Santuarekin hasiko du BEMek lurrun trenaren 2015eko denboraldia

Uztarria.eus 2015ko mar. 30a, 19:46

Apirilaren 2tik 6ra egunero bi bidaia eskainiko dituzte museoan, 12:00etan eta 17:30ean. Hortik aurrera, azaroaren 1a arte, zapaturo 12:30ean eta 18:00etan ibili ahal izango dira bisitariak trenean, eta igandero 12:30ean.

Burdinbidearen Euskal Museoan (BEM) hastear da 2015eko lurrun trenen denboraldia. Ohi dutenez, Aste Santuarekin hasiko dira bisitariei eskaintzen museoaren eta Lasaoko geltokiaren arteko joan-etorria lurrunezko lokomotoradun trenetan egiteko aukera.

Aste Santuan, gainera, eskaintza berezia egingo dute Azpeitiko museoan. Horrela, apirilaren 2tik 6ra egunero bi bidaia eskainiko dituzte, 12:00etan eta 17:30ean. Museoko erakusketa guneak, berriz, goiz eta arratsaldez irekiko dituzte Aste Santuko bost egunetan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era.

Azaroaren 1ean amaituko da lurrun trenaren irteeren denboraldia. Bitarte horretan, asteburuero izango da museoan trenez ibiltzeko aukera, baita tarteko jai egun bereziren batean ere. Santu Guztien egunera arte, beraz, zapaturo 12:30ean eta 18:00etan ibili ahal izango dira bisitariak trenean, eta igandero 12:30ean.