Agustin Jimenez eta maratoi erdiko bere lantaldea

Jesus Lopetegi 2015ko mar. 30a, 12:38

Mobila, gorputzaren zati bat gehiago balitz bezala, ustekabeko arazoei malabaristen trebeziaz irtenbidea aurkitzeko. NASAk challengerra ilargiratzeko baino bokazio, abilezia eta prestakuntza gehiago buruan. Maratoi erdiko korrikalariek baino metro gehiago oinetan, hamasei balbulako motorra bere kudeaketan, dena ondo doala egiaztatzeko.

Beti, hobekuntza prozesuetan barneratua, zoru irristakorrenetatik ere maisuki sendotu eta bideratzen bere ibilia. 

Hori da Agustin Jimenez azpeitiarra. Gure maratoi erdiaren manager nagusia. Bere herrikotasunak, adoreak eta karismak bolondresen kontzientzia krisian ere inguratu dituen ezinbesteko laguntzaile andanarekin batera, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia hauspotu eta korrikalariek nola bi herrietako biztanleok gozatu gaituen ekimenaren arduradun nagusia. Hotel Loiolako atariaren toldopetik ikusi dizkiot horiek denak, proba baino bizpahiru ordu lehenago. Eta pentsakor neure baitan nioen: "Egun hau iristerako, zenbat ordu eta ahalegin eskaini ote dizkio gure kirol festa horren lehendakariak, munduko zazpigarren maratoi erdi onenaren izendapen distira lortzeko? Oparia ez den izendapena".

Adore, kemen, eskaintza pertsonal eta balio handia exijitzen duen antolaketa, eta hori gauzatzean, ezinbesteko diren lantalde dinamiko, eraginkor, kirolzale eta herri-zalea osatzeko. Ezin dut ahaztu horrelako ekimenak behar duen dedikazioa, beren lanbidearen ordutegia bete ondoren lortzen dutela. Maisuki, gainera. Azkoitiari eta Azpeitiari eskaintzen dioten ikuskizunaren lan eskerga. 

Badakit, korrikalari ospetsuenak ere, hemen partaide izatea nahi izaten dutela, bi herriok dugun proba kalitateaz gain, eskaintzen zaien adiskidetasun 'Made in Euskadi'-agatik. Eta horretan, Agustinen familiak zerikusi handia du: kirolariei inguruak erakutsi, txangoak prestatu, elkarteetan afaldu edota itzultzaile lanak eginez, hau da, familiakoak direla sentiaraziz. Arrakastak, lan askorekin batera, osagai horiek denak behar ditu, eta hemen urtero lortzen dute. 

Bejondeizuela, nire miresmena eta esker ona. Seguruenik eliteko zein popular mailako korrikalari nola bi herriotako biztanleenarekin bezala. 

Agustin, berriro elkartzen garenean edo Azpeitiko Udal musika bandan tuba jotzen ikusten zaitudanean txalotuko zaitut. Guztiagatik.

Bejondaizula eta bejondaizuela!

Milaka esker.