EH Bilduk udal hauteskundeetarako lan taldea aurkeztu du, eta Eneko Etxeberria da alkategaia

Uztarria.eus 2015ko mar. 28a, 14:15
EH Bilduk datozen udal hauteskundeetarako hautagaien lan taldea aurkeztu du.

EH Bilduren arabera, aurkeztu duten lan taldea "anitza, sendoa, bizia, gaztea eta lanerako prest dagoena" da. Gaur goizean egin duten batzarrean eman diote "onespena gehiengo osoz" hauteskundeetarako zerrenda proposamenari. 

Azpeitiko EH Bilduk gaur, martxoak 28, eguerdian aurkeztu ditu datozen udal hauteskundeetara aurkeztuko duen zerrendako aurreneko hamaika hautagaiak. Eneko Etxeberria egungo alkatea da zerrendaburua. EH Bilduren arabera, lan taldea "anitza, sendoa, bizia, gaztea eta lanerako prest dagoena" da. "Ziur gaude lan talde honek EH Bilduren oinarriaren elkarlan eta babesarekin lan bikaina egingo duela datozen lau urteotan", gaineratu dute.

Gaur goizean egin duten batzar irekian eman diote "gehiengo osoz onespena" hauteskundeetarako zerrenda proposamenari. Koalizioko kideek azaldu dutenez, "oinarri sozialari lan taldea osatzeko egin dugun prozesuaren gorabeherak azaldu dizkiogu, eta elkarrekin balorazioa egin ostean, hautagaitzarako lan taldearen aurkezpena egin dugu". 

EH Bilduk maiatzaren 24ko hauteskundeetarako hautagai taldea osatzeko prozesu ireki eta parte-hartzailea egin du aurrenekoz. Prozesuaren "balorazio positiboa" egiten dutela azaldu dute koalizioko kideek: "Oraindik badugu zer ikasia eta zer hobetua, eta hori ere izango da datozen hilabete eta urteotako lehentasuna: gure oinarriarekin harremanak sendotu eta harremanetarako bide egokiak finkatzea".

Hemen, Azpeitiko EH Bilduren zerrendako aurreneko hamaika hautagaiak:

1.- Eneko Etxeberria

2.- Estitxu Elduaien

3.- Agustin Lizarralde

4.- Leire Etxaniz

5.- Iosu Labaka

6.- Ainhoa Beristain

7.- Aitor Bereziartua

8.- Ainara Larrañaga

9.- Mikel Ibartzabal

10.- Leire Goenaga

11.- Garikoitz Mendiola