Historia letra xehez kontatzeko beharra

Uztarria.eus 2015ko mar. 27a, 18:31
IƱaki Garcia eta Pili Zabala Baigeran, ostegun arratseko saioan.

Iñaki Garciak eta Pili Zabalak indarkeriaren biktima guztiei gertatutakoa kontatu eta jakinarazteko beharra aldarrikatu dute, eta justizia egitekoa. "Historia txiki asko dago kontatzeko eta historia txiki asko ezagutu gabekoak".

"Gizatasunak onduriko minak elkartu gaitu hemen gaur". Hitz horiekin ekin zion Joxe Arregik Iñaki Garciak eta Pili Zabalak ostegun arratsaldean eman zuten hitzaldiaren aurkezpenari. "Sufrimenduak ez du ideologiarik eta alderdirik, gizatasunak ere ez", gaineratu zuen azpeitiarrak sarrerako solasean. Eta gizatasunak ondutako min horren eta sufrimenduaren kolore ezaren adibidea eman zuten Munohandi elkartearen bi gonbidatuek ondoren, ordu eta erdiz luzatu zen testigantzarako eta hausnarketarako tartean.

Gertatutakoen kronologiari jarraituz, Komando Autonomo Antikapitalistek 1980an hil zuten Juan Manuel Garcia Telefonicaren Gipuzkoako delegatuaren semeak hartu zuen hitza aurrena, eta GALek 1983an hil eta desagerrarazitako Joxi Zabalaren arrebak ondoren. Iñaki Garciak eta Pili Zabalak bien eta beren familien bizitzetako une gogorrenak, oroitzapenak, sentimenduak eta bilakaera pertsonalak jarri zituzten mahai gainean. Bakoitzak hogei minutu inguru hartu zituen horretarako. Baigerako aretoa bete zuten entzuleek adi-adi jarraitu zuten batak eta besteak esateko zutena. Malkoek begi pare bat baino gehiago busti zuten; hizlarienak, eta entzuleen artekoak ere bai.

Eusko Jaurlaritzak abian duen Adi-adian programaren partaide dira Iñaki Garcia eta Pili Zabala; horren bidez, azken urtean hainbat hitzaldi eman dituzte batean eta bestean, bereziki ikastetxeetan. Garciak, gainera, terrorismoaren biktimen eta presoen arteko elkarrizketetan ere hartu du parte.

Egia, duintasuna, memoria...

Oroitzapen mingarriak astindu eta azaltzearekin bat, bizitakoek denboraren poderioz utzi dizkieten gogoetak eta hausnarketak ere hizpide izan zituzten Garciak eta Zabalak.

Aita hil ondorengo hasierako urteetan "gorrotoaren dinamikan" nola sartu zen kontatu zuen Garciak, eta 1984an ikasketak medio urtebeterako Ingalaterrara joateak nola lagundu zion dinakima hartatik irteten hasteko. "Terrorismoaren biktimek gorrotoa sentitzea zilegi da, ezin dugu saihestu. Pertsonalki, gorrotoaren mundu horretatik irtetea, lasaitua izateaz gain, askoz hobeto eta neure buruarekin zoriontsuago sentitzeko bidea izan da". Pili Zabalak, aldiz, gorrotorik ez duela sentitu izan esan zuen: "Inoiz ez dut poztasunik sentitu pertsona baten hilketarekin. Eta hori mesedegarria da niretzat. Inori ez diot txarrik desio, baina justizia eskatzen dut".

Egia, memoria, justizia eta erreparazioa sarri aipatzen dira indarkeria eta haren ondorioak jasan dituztenei zor zaizkienak bezala. Garciarentzat eta Zabalarentzat ere ezinbestekoak dira, eta duintasuna eta gizatasuna gehitzen dizkiete. Iñaki Garciak honela laburbildu zituen bere eskaerak: "Egia jakiteko dugun eskubidea aitortu eta galdegiten dut, eskaera prepolitikoa da. Justizia izatearen eskubidea galdegiten dut, behar dut. Eta duintasuna: gure sendikoak hil zituzten, baina ez dute haien duintasuna hilko. Iraganera duintasunez begiratu behar dugu, egin ditugun akatsak ez errepikatzeko. Ez dadila gertatu Gerra Zibilarekin gertatu zaigun gauza bera".

Gertatutako guztia ezagutu eta argitzearen beharra azpimarratzeko historia hitzaren adiera xumeenaren aldarrikapena egin zuten biek. "Historia txiki asko dago kontatzeko eta historia txiki asko ezagutu gabekoak", esan zuen Zabalak. "Maiuskulaz idazten den historian, gertatutakoaren errelatoan, ados ez garela jarriko uste dut. Baina letra xehez idatzitako historia asko dago azaleratzeko eta letra xehez idatzitako historia askoren beharra daukagu".

Zabalak gogoratu zuen beraien familiak, estatuaren indarkeriaren beste hainbat biktimak bezala, oraindik ez duela aitortza ofizialik jaso. "Ideologien gainetik, non dago gizatasuna?", galdetu zuen. "28 urte egon nintzen honetaz hitz egin gabe. Ezin nuen, negar egiten nuen. Baina nahi nuen, nire historia ez nuelako idatzita inon ikusten".

Euskal Herrian elkarbizitza normaltzeaz hitz egiterakoan, atzera begira jarri ziren bi hizlariak, aurrera egiteko gakoen bila. "Ideologia politikoa oso inportantea izan da gurean bata bestearengana hurbiltzerakoan, eta hori pena bat da", zioen Zabalak. "Kolektiboki zein indibidualki, enpatia falta izan zaigu; justu horren kontrakoa dena praktikatu izan dugu", uste du Garciak; baita "biktima jakin batzuen artean gizartean dagoena baino enpatia gehiago" dagoela ere. Jendearen sufrimenduari "bandorik eta banderarik ez jartzea" eskatzen dute, "oinazearen monopolioa inork ez" daukalako.