Bai Euskararirekin hitzarmena sinatu du Udalak, arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko

Uztarria.eus 2015ko mar. 26a, 17:06
Ezkerretik eskubira, Rober Gutierrez, Eneko Etxeberria eta Patxi Saez.

Hiru urteko iraupena izango du eta Udalak eta Euskara Patronatuak urtean 3.000 euro bideratuko dituzte Azpeitian Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapena egiteko. Gaur egun, 29 ziurtagiridun daude herrian.

Azpeitiko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak herriko arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko helburua duen lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, osteguna, udaletxean. Eneko Etxeberria alkateak eta Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak sinatu dute hitzarmena, Patxi Saez Udal Euskara Patronatuaren zuzendaria alboan zutela.

Hitzarmenarekin, Azpeitia 2011tik egiten ari den lanari maila formala eman diote, nolabait; izan ere, urte horretatik ari da Udala Bai Euskarari Ziurtagiriaren egitasmoa diruz laguntzen. Lankidetza hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du eta Udalak eta Euskara Patronatuak urtean 3.000 euro bideratuko dituzte Azpeitian Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapena egiteko. Diru-laguntza horrekin, Ziurtagiriaren Elkarteak deskontu bat aplikatuko die urteko kuotan ziurtagiria berritzen edo lehen aldiz eskuratzen duten entitateei.

Gaur egun, 29 ziurtagiridun daude herrian: 7k Zerbitzua eta lana euskaraz maila dute, 16k Zerbitzua euskaraz maila, eta beste 6k Euskararen bidean maila.

Lan arloan eragin beharra

Sinadura ekitaldian, "lan munduan, arlo sozioekonomikoan, eragin beharra" dagoela nabarmendu du Patxi Saezek, hizkuntz normalizazioan aurrera egin nahi bada.

Gutierrezek, bere aldetik, "eskerrak eman" dizkie Udalari eta Patronatuari, "lantzen ari garen proiektuak errazteagatik"; administrazioekin lotutako hitzarmenen garrantzia ere azpimarratu du. Eta, azkenik, Azpeitiko 29 ziurtagiridunen konpromisoa eskertu du, "eredu egokia" direla esanez.