Herritarren atxikimendua eskatu dute Gure Esku Dago dinamikako kideek eta hainbat azpeitiarrek

Uztarria.eus 2015ko mar. 26a, 11:57
Azpeitiko Gure Esku Dago dinamikako kideak eta herritarrak, Garmendipen.

Atzo agerraldia egin zuten Gure Esku Dago dinamikako kideek eta zenbait herritarrek, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimendua ematera gonbidatu zituzten herritarrak. Gainera, ekainaren 21a bitartean Gure Esku Dagok hainbat egitasmo antolatu dituztela aurreratu zuten.

Azpeitiko Gure Esku Dagok ekaina bitarteko "inflexio puntu nagusiak" azaldu zituen atzo, asteazkena, Garmendipe futbol zelaian hainbat herritarren babesarekin egindako agerraldian. "Herri honek duen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta herritarroi eskubide hori gauzatzea dagokigula adierazteko hainbat ekintza egingo ditugu", adierazi zuten Gure Esku Dago dinamikako kideek, eta agerraldian bildutakoek erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimendua ematera gonbidatu zituzten herritarrak. Gainera, ekainaren 21a bitartean antolatu dituzten egitasmo guztiak azaldu zituzten banan-banan.

Lehenengo hitzordua apirilaren 11rako, zapatua, prestatu dute. Jostunak dokumentala emango dute Soreasu antzokian. Ekainaren 21erako bidea eta erabakitzeko eskubideari buruzko hainbat iritzi biltzen ditu ikus-entzunezkoak, eta Gure Esku Dagokoen arabera, "milaka lagunek hilabeteetan egindako jostun lana ikusi ahal izango da". 

Hurrengo egitasmoa apirilaren 25ean izango da. Euskal Herriko hainbat herritan egingo den moduan, Ehuntzen Eguna ospatuko da Azpeitian. Egitarau oparoa prestatu dute egun horretarako, eta egun oso aldarrikapen eguna izango dela aurreratu dute dinamikako kideek. 

Ekainaren 21ean, berriz, Euskal Herriko bost hiriburu nagusietan egingo dira ekitaldiak. Horietan, herritarrek jositako oihalez hautesontzi erraldoiak eratuko dira. Herri bakoitzean margo askotariko oihal-zati batzuk ehunduko dira, eta bata bestearekin josiko da, ekainaren 21ean hautesontzi erraldoi horiek osatzeko. Azpeitiarrek, Gipuzkoako gainerako herrietako kideekin batera, Donostiako Anoeta futbol zelaian izango dute hitzordua.

Gure Esku Dagokoek azaldu dutenez, "ezinbestekoa da herritarrok saretzea": "Saretzeko aitzakia moduan, herritarron atxikimenduak bilduko ditugu. Atxikimendu hori euro bat ordaindu beharko da, eta oihala margotzeko eta ekainaren 21ean Donostian osatuko den hautesontziaren parte izatea ahalbidetuko du".