Sentsibilizazio eta trebakuntza mintegia antolatu du Iraurgi Berritzenek biharko

Uztarria.eus 2015ko mar. 25a, 11:41

Urola Erdian enpresa parte-hartzailea sustatuz lelopean egingo dute mintegia 16:00etatik 18:30era bitartean. Mintegian parte hartzeko 943 02 60 69 telefonora deitu edo info@iraurgiberritzen.net helbidera idatzi behar da.

Bihar, osteguna, enpresen partaidetzaren inguruko mintegia izango da Sindikatu Zaharrean, Iraurgi Berritzenek antolatuta. 16:00etatik 18:30era izango da eskualdeko enpresei, administrazio publikoari eta eragile sozio-ekonomikoei (enpresarien eta sindikatuen ordezkariak, enpresak laguntzen aritzen diren beste eragile batzuk) zuzendutako jardunaldia.

Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, "mintegia Iraurgi Berritzenek martxan jarri duen lan prozesuaren baitan kokatzen da. Asmoa da eskualdeko enpresa zein lurralde-proiektu partekatuenak, lehiakorrenak eta iraunkorrenak sustatzea, erakundeetako pertsonen parte-hartzearen sustapenaren bitartez eta Urola Erdiaren eraldatze eta posizionamendu lehiakorraren hobekuntza bermatzea epe luzera begira". Saioaren helburu nagusia, berriz, "euskal enpresetan abian diren partaidetzaren inguruko adibideak zuzenean ezagutzea, eta eskualdean eredu parte-hartzaileen garapenarako ikasketa eta gomendio praktikoak partekatzea" dela azaldu dute sustatzaileek. Iraurgi Berritzenekoek azaldu dutenez, "mintegian parte hartzen duten pertsonek enpresetako parte-hartzearen atal nagusei buruzko bisio argia lortuko dute, eskualdeko nahiz eskualdez kanpoko hainbat aditu eta enpresa zuzendariren esperientzia praktikoen bitartez".

Mintegia eskainiko duten adituak B+I Strategyko bazkide-zuzendari Sabin Azua eta BSK Legal & Fiscaleko bazkide-zuzendari Luis Unceta-Barrenechea dira. Bestalde, Alcorta Forging Groupeko zuzendari orokor Lorenzo Mendietak, AMPOko lehendakari Jon Agirrek eta Ibarmia Groupeko zuzendari orokor Koldo Arandiak esperientzia praktikoak ezagutaraziko dituzte.

Saioaren lan zerrenda edo beste hainbat xehatasunen gaineko azalpenak eskuratu nahi izanez gero, egin klik hemen. Parte hartzeko interesa dutenek, Iraurgi Berritzenera, 943 02 60 69 telefonora, dietu edo info@iraurgiberritzen.net helbidera idatzi behar dute.