150.000 euro bideratuko ditu Iraurgi Berritzenek ekintzailetasuna sustatzeko

Urola Kostako Hitza 2015ko mar. 25a, 11:21
Beobide, Etxeberria, Alberdi eta Agirre prentsaurrekoaren ostean (E. Albizu Lizaso)

Joan den urtean jarri zuten diru-laguntza hori lehen aldiz, eta 2015eko deialdiari eustea erabaki dute Udalek. Hiru lerrotan banatu dituzte laguntzak, 2014ko deialdian bezala, eta gainera, "berrikuntza gisa" aholkularitza ere eskainiko du aurten Iraurgi Berritzenek.

Azkoitiko eta Azpeitiko Udalen Iraurgi Berritzen agentziak 150.000 euro bideratu ditu ekintzailetasuna sustatzeko. Joan den urtean jarri zuten diru-laguntza hori lehen aldiz, eta 2015eko deialdiari eustea erabaki dute Udalek. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan du langabezia tasa %14,2koa dela Azpeitian, eta %13,9koa Azkoitian; horregatik ari dira "lehentasuna" ematen ekonomia sustatzeari eta lanpostuak sortzeari bi herriak. "Tasa horiekin ezin dugu beste aldera begiratu", esan du Etxeberriak. Laguntza horiekin 61 lanpostu sortu zituen Iraurgi Berritzenek joan den urtean, eta helburu bera dute 2015erako.

Hiru lerrotan banatu dituzte laguntzak, 2014ko deialdian bezala: batetik, autonomoak edo hitzarmen sozialeko bazkideak daude. Haiei, gehienez, 2.500 euro emango dizkiete. Hamar bazkide baino gehiagoko enpresek, ordea, baldintza bereziak izango dituzte. Aurten, gainera, "berrikuntza gisa" aholkularitza ere eskainiko du Iraurgi Berritzenek. "Laguntza ez da ekonomikoa soilik izango, ideiak garatzen eta bideratzen lagunduko diegu ekintzaileei", esan du Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko ordezkariak. Bigarren lerroa ekonomia sozialera dago bideratuta. Sail horretako proiektuek ere 5.000 euro jasoko dituzte, gehienez.

Azkenik, hirugarren esparruan daude berrikuntza enpresetan txertatzeko moduko proiektuak, hala nola, hirugarren adinekoekin lotura dutenak, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia Berriak oinarrian dituztenak, industria 4.0-ra bideratuak, turismoarekin lotura dutenak edo nanoteknologia lantzen dutenak. Hirugarren lerroko proiektuek, gehienez, 10.000 euroko diru-laguntza jasoko dute.

Baldintzak eta epeak

Azkoitian eta Azpeitian sortutako enpresa berriei zuzenduta daude diru-laguntzak. Bestalde, 2014ko abenduaren 1etik 2015eko urriaren 31 bitartean hasitako proiektuak izango dituzte kontuan. Horrez gain, langabezian daudenek soilik izango dute laguntzak eskatzeko aukera, salbuespen batzuk tarteko. "Balio erantsia" eskaintzen duten proiektuetan, langileei ere emango zaizkie laguntzak.

Dagoeneko irekita dago proiektuak aurkezteko epea, Iraurgi Berritzenen bulegoan bertan, eta abenduaren 1ean aterako dute ebazpena. Diru-laguntzaren erdia ebazpena irtendako egunean jasoko dute onartuek, eta beste erdia, juntifikazioa entregatzean.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan du bi udalerriak lanpostuak bultzatzeko laguntzak ematen jarraituko dutela, eta "nabarmentzekoa" dela "horretarako egiten ari diren esfortzua".