Lehendik pobre zirenak, pobreago

Uztarria.eus, Urola Kostako Hitza 2015ko mar. 24a, 18:26
Eider Alkorta, Eneko Etxeberria eta Joseba Zalakain, azterketaren emaitzen aurkezpenean.

Pobrezia, bazterkeria eta premia egoerak Azpeitian azterketaren arabera, Azpeitian pobrezia badago, baina Gipuzkoako, EAEko edota Europako batez besteko kopuruetatik behera. Azpeitiarren %4,7 dago pobrezia larrian, eta %15 dira pobrezia arriskuan daudenak.

Mahai sozialean elkartutako herriko hainbat eragileri erantzunez, Azpeitiko Udalak eskatuta Pobrezia, bazterkeria eta premia egoerak Azpeitian azterketa egin du SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak. Iaz egin zuten lana eta atzo, martxoak 23, aurkeztu zituzten emaitzak Sanagustin kulturgunean. Eneko Etxeberria alkatearen sarrerako hitzen ondoren, azterketa egin duten Joseba Zalakainek eta Eider Alkortak eman zuten datuen eta ondorioen berri. "Guretzat inportantea da diagnostikoa edukitzea, gero estrategiak martxan jarri eta tresnak bideratzeko aukera izango dugulako", esan zuen Etxeberriak.

"2014ko Azpeitiko pobrezia, bazterkeria eta mendekotasunaren alorreko premia sozialak kuantifikatu eta ezaugarritzeko" helburuarekin egin dute azterketa eta bi metodologia baliatu dituzte horretarako. Batetik, azterketa kuantitatiboa egin dute, herriko 460 familia-etxebizitzetan eginiko inkestetan oinarrituta. Bestetik, azterketa kualitatiboa; horretarako, "Azpeitiko giltzarri" diren hamabost eragilerekin elkarrizketak egin dituzte, azterketa kuantitatiboan jasotako datu zehazt eta errealei errealitatearen pertzepzioa batuz. Bi ikastetxerekin, Baigerarekin, Caritasekin, Elkar-ekinekin, San Martin egoitzarekin, Biharko talde soziosanitarioko kideekin, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileekin, Gaztelekuko arduradunekin, Parekidetasun sailekoekin, Atzegirekin, buruko gaixotasunak dituzten pertsonen ordezkariekin, Osakidetzarekin, Iraurgi Berritzenekin eta Lanbiderekin egin dituzte elkarrizketak.

Etorkinak, haur eta gazteak, eta langabetuak kaltetuenak

Azpeitian krisi ekonomikoa beste herri batzuetan baino "gogorragoa" izan da; horrela, langabeziaren hazkundea "Euskadiko beste tokietan baino handiagoa" izan da, eta aberastasun mailaren beherakada ere inguruan baino nabarmenagoa. Krisi aurreko jatorrizko egoera, ordea, ona zen Azpeitian. Horrenbestez, pobreziaren eta bazterkeriaren maila ezartzeko erabiltzen diren adierazleak, langabezia tasa eta aberastasunaren maila bezalakoak, krisiaren haseratik nabarmen okertu arren, Azpeitiko gaur egungo datuak oraindik ere ingurukoekin alderatuta hobeak edota antzekoak dira.

Azpeitian pobrezia badago, baina Gipuzkoako, EAEko edota Europako batez besteko kopuruetatik behera, eta Espainiakoetatik baino askoz beherago. Azpeitiarren %4,7 dago pobrezia larrian, eta %15 dira pobrezia arriskuan daudenak. Etorkinak, haur eta gazteak eta haien gurasoak, eta langabetuak dira krisiaren eragina eta aipatutako adierazleen okertzea gehien pairatu dutenak. "Pobrezia gehien pairatzen dutenak, krisia baino lehen ere pobreak zirenak dira", ondorioztatu zuen aurkezpenean Joseba Zalakainek. Pobrezia tasa kalkulatzeko, etxebizitzara sartzen den dirua eta bertan bizi diren kideen kopurua hartu dute kontuan. Hori horrela, muga bat ezarri dute pobrezia larrian dauden familiak zein diren zehazteko: lau laguneko familietan, 1.100 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenak dira pobrezia egoera larrian aurkitzen direnak.

%10,9k erantzun dute inkestan hilaren amaierako gastuak ordaintzeko zailtasunak dituztela. "Tasa hori ere Gipuzkoakoa eta EAEkoa baino baxuagoa da, baina herritarren hitzetan oinarritutako ikuspegia da", esan zuen Zalakainek. Diru falta dela eta, murrizketak aisian eta gastu energetikoetan egitea erabaki dute azpeitiar gehienek.

Familien babesa eta adinekoen gabeziak

Ikerketa kualitatiboaren emaitzei erreparatuz gero, eragileek ere nabarmendu dute aisian, kalean, tabernetako kontsumoan edota energiaren inbertsioan ikusi dela pobretzearen eragina. Familien babesa ere aipatu zuen Eider Alkorta politologoak: "Elkarrizketetan behin eta berriz irten da familiaren babesa. Pobrezia mota batzuk ez dira hain agerikoak etxekoek ekonomikoki edo zaintza aldetik laguntzen dietelako familiakoei". Langabeziak eragiten du pobrezia, eragileen aburuz, baina "ez da faktore bakarra". Lanaren prekarietatea, etxebizitzen kostua edota immigrazioa ere aipatu dituzte elkarrizketatuek pobreziaren garapeneko faktore gisa.

Gizarte bazterkeria neurtzeko, egoera ekonomikoaz gain beste aldagai batzuk ere izan dituzte kontuan; besteak beste, formazioa edo harreman sozialak. Inkestek erakutsi dute azpeitiarren %5,1 aurkitzen dela gizarte bazterkeria larrian, hau da, 746 pertsona; bazterkeria moderatua, berriz, %7,3k pairatzen du, 1.071 pertsonek. Kasu horretan ere, Gipuzkoan, EAEn eta Espainian baino txikiagoa da.

Gizarte bazterketaren harira, adineko pertsonen egoera nabarmendu dute ikerketa kualitatiboan. Izan ere, 65 urtetik gorako 400 pertsona inguruk arazoak dituzte eguneroko jarduerak naturaltasunez egiteko. Elkarrizketatuek esan dute "beharrezkoa" dela "bizitza normalizatuaren aldeko pausoak" ematea, batik bat, adinekoei, adimen urritasuna dutenei edo buruko gaixotasunak pairatzen dituzten herritarrei begira. Hori dela-eta eskatu dituzte bizitza aktiboa izateko egitasmoak martxan jartzea, etxez etxeko zaintza sustatu eta arautzea, egoitzentzat alternatibak aztertzea, buruko gaixotasunen inguruko kanpainak sustatzea, boluntarioen parte-hartzea areagotzea edota pisu tutelatuak ugaritzea.