Palentziara joango dira asteburuan Lagun Onak Mendi Bazkunakoak

Uztarria.eus 2015ko mar. 24a, 16:47

Zapatuan Espiguete (2.450 metro) eta igandean Curavacas (2.520 metro) mendiak igoko dituzte. Helduentzako ibilaldia da eta izena emateko epea bihar, asteazkena, bukatuko da.

Palentziara (Espainia) asteburu pasa joango dira Lagun Onak Mendi Bazkunakoak aste honetan. Martxoaren 28an, zapatua, goizaldeko 04:00etan abiatuko dira autobusez, Astotegitik.

Palentzia aldean, zapatuan Espiguete (2.450 metro) eta igandean Curavacas (2.520 metro) mendiak igoko dituzte.

Helduentzako ibilaldi horretan parte hartu ahal izateko federatuta egon behar da; kranpoiak eta pioletak eramatea ere derrigorrezkoa izango da. Izena emateko epea bihar, asteazkena, bukatuko da, mendizaleen tabernan. Lagun Onak MBren bazkide direnek 60 euro ordaindu behar dituzte, 50 euro langabetu eta ikasleek, eta 70 euro gainerakoek. Aterpean pentsio erdia eta autobusa sartzen dira ordainean.