Pirritx, Porrotx eta Marimotots paliazoek eta Juan Antxieta musika eskolak nahiz Udal Musika Bandak Irribanda ikuskizuna eskainiko dute apirilaren 18an, zapatua. Izarraitz pilotalekuan izango da, 17:30ean hasita, eta besteak beste, KBeat taldeak, dantza suelto eskolak zein Tobalo Iglesias Sevillana taldeak ere hartuko dute parte emanaldian.
Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta Azpeitian Juan Antxieta musika eskolan, Sanagustin kulturgunean, Lasa gozotegian, Makibar fruta dendan eta Pastorkua nahiz Ametsa tabernetan eskuratu daitezke, sei euroren trukean (zenbakitutako sarrerak izango dira). Azkoitian Bizkargi musika eskolan eta Elkarguneko Ostrope tabernan erosi daitezke. Zestoan, berriz, Ertxiña musika eskolan, eta Zumaian Txori Txiki musika eskolan.