Azkue Literatur Saria jaso dute Urola Ikastolako hiru ikaslek

Uztarria.eus 2015ko mar. 24a, 10:45
Azkue Literatur Sarietako irabazleak eta Euskaltzaindiako eta BBK-ko ordezkariak, sari banaketaren ostean.

Poesiaren arloan jaso dituzte sariak Mikel Labakak, Ane Azpiazuk eta Leire Eizmendik. Horiez gain, ipuinen alorreko aipamen berezia eskuratu du Arantxa Bastidak. 

Joan den asteazkenean, martxoak 18, banatu dituzten 2015eko Azkue Literatur Sariak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Urola Ikastolako hiru ikaslek sari bana jaso zuten A mailako, 10 eta 13 urte bitarteko gazteen sailean. Poesiaren arloan jaso dituzte sariak Azpeitiko ikasleek. Mikel Labakak irabazi du maila horretako lehenengo saria, Zure izenaren bila... olerkiari esker. Bigarren saria, berriz, Ane Azpiazuk jaso du Baldin eta ez balitz... olerkiarekin, eta hirugarren saria Leire Eizmendik eskuratu du Maitasunaren bidaia olerkiari esker. Horiez gain, Arranoaren hegaldia ipuinarekin aipamen berezia jaso du Urola Ikastolako Arantxa Bastidak. 

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Gorka Martinez BBK Fundazioko buruak banatu zituzten sariak joan den astean. Aurten ere literatura eremuko pertsonek osatu dute epaimahaia. Hala nola, Yolanda Arrietak, Igone Etxebarriak, Manu Lopez Gasenik, Joseba Butronek, Amaia Jauregizarrek eta Jabier Kaltzakortak. Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak elkarlanean banatzen dituzte urtero urtero Resurreccion Maria Azkue Literatur Sariak.