Elena Congost munduko errekorraren bila etorriko da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdira

Uztarria.eus 2015ko mar. 23a, 18:40

Elena Congost, Londreseko Joko Olinpikoetan irabazi zuen zilarrezko dominarekin.

Kataluniako atleta paraolinpiarrak otsailaren 16an Bartzelonako maratoi erdian ezarri zuen marka ondu nahi du zapatuko lasterketan.

XXII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek munduko errekor saiakera baten berri eman dute azken egunetan. Zapatuan, martxoak 28, egingo den Diego Garciaren omenezkoan Elena Congost (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1987) izango da maratoi erdiko errekorra hausten ahaleginduko den lasterkaria.

Congostek ikusmen urritasuna du eta atleta paraolinpiar bezala lehiatzen da. Bera da gaur egun maratoi erdian paraolinpiar mailako munduko errekorraren jabe. Joan den otsailaren 16an ezarri zuen, 1:23:30eko denborarekin, Bartzelonako maratoi erdian. Orain, errekor hori ontzen ahaleginduko da Azkoitia-Azpeitian. Londreseko Joko Olinpikoetan irabazi zuen zilarrezko domina da Elena Congosten orain arteko lorpen handiena, eta munduko zein Europako txapelketetan ere podium bat baino gehiago zapaldutakoa da.

"Elenak bere palmaresa handitzen jarraitzea espero dugu eta mundu mailako marka berri bat ezartzea nahiko genuke gure ibilbidean. Gogoratu, Rocio Riosek ere lasterketa honetan ezarri zuela Espainiako marka maratoi erdian, gaur arte inork hautsi ezin izan duen 1:09:59ko marka", adierazi dute maratoi erdiaren antolatzaileek.