Pasaiako segada argitzea eskatu dute 31. urteurrenean

Uztarria.eus 2015ko mar. 23a, 12:01

Atzo, martxoak 22, 31 urte Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Mari Izura Pelu iruindarrak tiroz hil zituzten Pasaiako badian. 31 urteren ostean, atzo, udaletxeko arkupetan egindako ekitaldian kasua argitzea eskatu zuten segada hartan hildako azpeitiarren senideek. Lauren artean 113 bala zulo zituzten. "Denok dakigu zer gertatu zen, baina oraindik ez da argitu", esan zuen Arantxa Isartek ekitaldian.

Sanagustinpea jendez bete zen ekitaldirako. "Akordatzen al zarete nolako gaua zegoen? Akordatzen al zarete zer haize zebilen? Akordatzen bezperan zer afaldu genuen? akordatzen al zarete? Eta orduan ez zeuden asko han dira orain edo hemen daude. Eta orduan izuak barrua janda ibili ginenak indartsuago gaude orain hosto berriz...", Nekane Zinkunegi bertsolari eta kazetariaren hitzekin hasi da, kitarra doinuak lagunduta.

Duela 31 urte azpeitiarrak hil zituztenean egindako ekitaldian bertsoak kantatu zituzten Jexux Mari Lopetegik eta Jose Mari Altunak, eta atzo bertso haiek kantatu zituzten oroimen ekitaldian. Horiez gain, Joxe Aiertzak aurreskua egin zuen, duela 31 urte egin zuen gisan.

Joan den asteazkenean mobilizazioak egin zituzten ikasleek Pasaiako segadaren 31. urteurrenaren harira, eta Dionisio Aizpuru Kurro-ren eta Pedro Mari Isart Pelitxo-ren senide banak azalpenak eman zizkieten hiru ikastetxeetako ikasleei. Horrez gain, erakusketa ere izan da Sanagustin kulturgunean.