Azpeitia Korrikaren lekukoari eusteko prest

Uztarria.eus 2015ko mar. 20a, 14:13
2011ko Korrika, Azpeitian.

Igandean, martxoak 22, arratsaldean iritsiko da herrira euskararen aldeko lasterketa. 18:45ean jasoko dute lekukoa lehen aldiz azpeitiarrek Lasao aldean eta, Azkoititik joan-etorria egin ondoren, Errezilerako bidean 20:10ean berriro hemen izango da. 29 kilometro osatuko ditu Korrikak Azpeitiko mugetan eta 43 eragilek eramango dute lekukoa. Eta Korrika iritsi aurretik, Sanagustinen 14:00etan triki-bertso bazkaria egingo da. Txartelak kulturgunean eros daitezke, igandean ere.

Ostegunean Urepelen hasi eta martxoaren 29an Bilbon bukatuko den 19. Korrika ate joka dator Azpeitira. Igandean, martxoak 22, arratsaldean iritsiko da herrira euskararen aldeko lasterketa. 18:45ean jasoko dute lekukoa lehen aldiz azpeitiarrek Lasao aldean eta, Azkoititik joan-etorria egin ondoren, Errezilerako bidean 20:10ean berriro hemen izango da. 29 kilometro osatuko ditu Korrikak Azpeitiko mugetan eta 43 eragilek eramango dute lekukoa.

Ondoko irudian duzue Korrikak Azpeitian egingo duen ibilbidea, kilometroz kilometro, eragile bakoitzak lekukoa non eta noiz eramango duen zehaztuta:

Korrika Batzordearen esker ona

Azpeitiko Korrika Batzordeak, igandean herritar guztiak parte hartzera gonbidatzearekin bat, kilometroak erosiz euskararen aldeko bultzada eman duten eragile guztiak eskertu nahi izan ditu: "Eskerrak eman nahi dizkiegu azpeitiarrei, beste behin, salgai jarritako kilometro denak (eta gehiago) erosteagatik. Denok jartzen dugulako gure hondar alea, horrexegatik da hain ederra euskararen aldeko jai hau, eta hori nabari da Azpeitian. Badakigu, gainera, kultur talde, eragile eta lantoki askotan kideek beraien poltsikoetatik jarri dutela dirua, borondatez, eta benetan eskertzen dugu ahalegina. Hau da euskahaldun izateko bide bakarra. Eskerrak eman nahi dizkiogu kilometroak erosteko gurekin harremanetan jarri diren guztiei, baita beraien ekarpena egin duten dendariei eta tabernariei ere".

Triki-bertso bazkaria

Korrika herrira iritsi bitartekoak girotu asmoz, berriz, igandean bertan triki-bertso bazkaria antolatu du herriko Korrika Batzordeak, Agin Laburu eta Nerea Elustondo bertsolariekin eta Josune Arakistain eta Julene Otegi trikitilariekin. Hitzordua 14:00etan izango da, Sanagustinen, eta kulturgunean bertan eskuratu daitezke txartelak, bazkaltzen hasi arte.