Ate irekiak Igarako errotan asteburuan, Uraren Munduko Eguna ospatzeko

Uztarria.eus 2015ko mar. 20a, 11:47

Ingurugiro Etxea Museoak antolatuta, zapatuan 16:00etan eta 17:00etan, eta igandean 12:00etan eta 13:00etan, martxan jarriko dute errota, "uraren eta energiaren arteko lotura bertatik bertara" erakusteko. 

Igandean, martxoak 22, Uraren Munduko Eguna izango da eta, data seinalatu horren bueltan, ate irekien jardunaldiak prestatu ditu Ingurugiro Etxea Museoak astebururako Loiolako Igarako errotan.

Egun bat urarentzat eta ura garapen jasangarriarentzat leloarekin ospatuko da aurten Uraren Munduko Eguna. "Izan ere, aurtengo edizioan urak eta garapen jasangarriak duten lotura nabarmendu nahi da: ura osasuna da, ura janaria da, ura industria da, ura hiria da, ura berdintasuna da eta ura energia da", azaldu dute Ingurugiro Etxeko arduradunek. Hain zuzen ere, Igaran "uraren eta energiaren arteko lotura bertatik bertara" ezagutzeko aukera eskaini nahi dute. Horrela, lau bisita edo saio antolatu dituzte egunotarako. Zapatuan 16:00etan eta 17:00etan, eta igandean 12:00etan eta 13:00etan, martxan jarriko dute errota. Sarrera doakoa da, eta parte hartu nahi dutenek jarritako orduetan Sistiagako bidegurutzean dagoen errotara agertzea besterik ez dute.