San Jose egun borobila Loiolan

Uztarria.eus 2015ko mar. 20a, 12:21

Loiolako jaietako egun handia ospatu zuten atzo, San Jose egunez. Asto karrera, Goenatxo II.a omenduz eginiko herri kirol jaialdia, ume jolasak eta gehiago jarri zituzten aukeran antolatzaileek, eta jende asko elkartu zen, goiz eta arratsalde.

Euritan hasi zen eguna, baina ekitaldi gehienak lehorrean burutu ahal izan zituzten. Eguerdiko asto karreran Olatz Egigurenek gidatutako Shakira astoa izan zen azkarrena. Aitor Arregi eta Turbo, Aitor Agirrezabal eta Sara, eta Unai Agirrezabal eta Lia sailkatu ziren ondoren.

Arratsaldean, Juan Joxe Unanue Goenatxo II.a izan zen protagonista nagusia. 23 urtetan parte hartu izan du harrijasotzaile azkoitiarrak Loiolako festetan, eta beste hainbatetan antolatzen lagundu ere bai. Abuztuan utzi zion harri jasotzeari, eta egindako lanarengatik jaso zuen aitortza atzo, sanjosetako herri kirol jaialdian. Unanueren seme Goenatxo III.a eta Guzta harri jasotzen, eta Xabier Orbegozo Arriya V.a eta Mikel Larrañaga aizkoran aritu ziren erakustaldian. Zita berezia osatuz, gonbidatu gehiago ere batu ziren Goenatxo omentzeko: Ostolaza, Jokin Eizmendi, Idoia Etxeberria, Aimar Galarraga eta Aimar Irigoien. Jaialdiaren bukaeran omendu zuten Goenatxo II.a.

Gaur eta bihar, gehiago

San Jose festek jarraipena izango dute gaur eta bihar Loiolan. Hau da egitaraua:

  • Martxoak 20, ostirala. IV. San Jose Mus Txapelketa, Xanadu kafetegian, 22:30ean.
  • Martxoak 21, zapatua. Auzo afaria Loiolatxo elkartean, Elustondo anai-arrebek girotuta, 21:00etan.

Zozketan saritutako zenbakiak

Bestetik, Loiolako Festa Batzordeak egin du dagoeneko aurtengo sanjoseetako zozketa. Lehenengo saria 1.033 zenbakiarentzat izan da (irabazlea agertu da) eta bigarrena 2.012 zenbakiarentzat.