"Arkeologia: pasioa edo ogibidea?", galdetu die Uztarria.eus-en erabiltzaile batek Javier Maizi eta Javier Lazkanori, eta zalantzarik gabe erantzun dute biek: "Hobe pasioa. Ogibidea bagenu, gosez akabatuko ginateke. Indiana Jonesena zientzia fikzioa da".
Galdera horri eta beste askori erantzuna emanez izan dira Antxieta Arkeologia Taldeko kideak arratsaldean Uztarrian. Azkenaldian aurkikuntza garrantzitsuak egin ditu Azpeitiko taldeak Zestoan, eta ez dute gehiago egiteko esperantza galdu: "Azaldu diren aztarnategiak kontuan hartuta (Irikaitz, Ekain, Erraila, Amalda...), oso gune garrantzitsua dela pentsa daiteke. Guk, behinik behin, bilatzen jarraitzeko asmoa daukagu", esan dute Maizek eta Lazkanok.