Festa giroa izango da nagusi bihar Loiolan

Uztarria.eus 2015ko mar. 18a, 18:49

Loiolako San Jose jaiak ospatzen ari dira auzotarrak joan den larunbataz geroztik. Bihar, San Jose eguna, izango da egun handia eta egun osoko egitaraua antolatu dute. Besteak beste, Juan Jose Unanue Goenatxo II.a harri-jasotzaile azkoitiarra omenduko dute arratsaldean, eta eguerdian ohiko asto karrerez gozatu ahal izango da.

Loiolako San Jose jaiak ospatzen ari dira auzotarrak joan den larunbataz geroztik. Bihar, San Jose eguna, izango da egun handia eta egun osoko egitaraua antolatu dute.

Bihar, osteguna, dardo txapelketak egingo dituzte Xanadu kafetegian; goizean, umeek eta gaztetxoek jokatuko dute lehiaketa; eta, arratsaldean, helduen txanda izango da. Ohiko herri kiroletako saioaz gain, omenaldia egingo diote Juan Jose Unanue Goenatxo II.a harri-jasotzaile azkoitiarrari. Urteak daramatza Loiolako jaiak antolatzen, eta joan den abuztuan erakustaldiak egiteari utzi zioenez, loiolatarrek erabaki dute festetan hura gogoan izatea.

Beraz, betiko jaialdiaz gain, gonbidatu bereziak joango dira saiora, eta trikitilariek, txistulariek, dantzariek eta bertsolariek ere hartuko dute parte. Omenaldiaren ostean, herri kirolariek eta Goenatxoren senideek afaria egingo dute, festetako antolatzaileekin batera, hari urteetan eginiko lana eskertzeko.

Hamaika ekitaldi antolatu dituzte auzotarrek Loiolako jaiei begira; haien artean, urteroko asto lasterketa famatua egingo dute San Jose egunez, 13:00etan. Horrez gain, haurrentzako puzgarriakere jarriko dituzte auzoan, eta egun osoan zehar egongo dira erabilgarri. Gainera, umeek mural eta aurpegi pintaketaz, zirko guneaz eta txokolatadaz gozatu ahal izango dute 16:00etatik aurrera.

Etzi, martxoaren 20an, IV. San Jose Mus Txapelketa egingo dute Xanadun. Dirua, txapelak, txuletak eta afariak izango dituzte jokoan, 20 euroren truke, partaideek. Jokoa 22:30ean hasiko da, eta izen-ematea, 22:00etan. Larunbatean, martxoaren 21ean, auzo afariarekin eta Elustondotarren doinuekin bukatuko dira festak.

Egitaraua

Martxoak 19, osteguna

11:00. 14 urte artekoentzat dardo txapelketa, Xanadun.

11:30. Zezen txiki eta pottokak.

13:00. Asto lasterketa.

16:00. Ume jolasak: mural margoketa, txokolatada, zirko gunea eta aurpegi margoketa.

17:00. Herri kirolak eta omenaldia Goenatxo II.ari. Xabier Orbegozo Arriya V.a eta Mikel Larrañaga aizkolariak; Goenatxo III.a eta Guzta harri-jasotzaileak eta honako gonbidatu bereziak: Ostolaza, Jokin Eizmendi, Idoia Etxeberria, Aimar Galarraga eta Aimar Irigoien.

17:30. Helduen dardo txapelketa, Xanadu kafetegian.

Egun osoan. Puzgarriak eta Egurrola trikitilaria.

Martxoak 20, ostirala

22:30. Mus Txapelketa, Xanadun. Izen-ematea 22:00etan hasiko da.

Martxoak 21, larunbata

22:30. Auzo afaria, Elustondo anai-arrebekin.