Elkarbizitza, guztien artean eraikitako etxea

Urola Kostako Hitza 2015ko mar. 18a, 11:08
Hassan Oubalaou, Tayna de Sousa eta Mohamed Larrosi, Alde Zaharrean. (E. Albizu Lizaso)

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da larunbat honetan, hilak 21, eta talde argazkia aterako dute gaur Azpeitian, Elkar-ekin taldean deituta. Horrekin bat egin dute Brasildik, Marokotik eta Saharatik etorritako herritarrek.

Sorterria utzita bidaiatu zuten Azpeitira Tayna de Sousak, Hassan Oubalaouk eta Mohamed Larrosik. Brasildik, Marokotik eta Saharatik etorri dira, hurrenez hurren, "baldintza duinagoetan" bizitzeko asmoarekin. Azpeitiko hiru lagunok bezala, ehundaka dira Urola Kostan bizi diren etorkinak, eta Euskal Herritik kanpo jaiotzeagatik "zenbait traba" izaten dituzte egunerokoan, batik bat, lana aurkitzerakoan. Krisia eta migrazioa askotan uztartu izan dira inguruotan, eta estereotipo horiek haustea nahi du martxoaren 21ak, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunak. Hori dela-eta, Elkar-ekin taldeak "argazki erraldoia" ateratzeko deia egin du, gaur 19:30ean, Perez Arregi plazan; alegia, Etxe Zuri tabernaren pareko plazan. Deialdiarekin bat egin dute Azpeitiko dozena bat eragilek eta taldek.

Usteak eta errealitatea

Elkar-ekin taldeak salatu du Azpeitian bertan badirela etorkinen aurkako "aurreiritzi eta jarrera desegokiak". Izan ere, uste askoren kontra, gehienetan, ez da izaten etorkinen hautua beraien herrialdea utzi eta toki ezezagun batera bizitzera joatea.  Hala azaldu du Hassan Oubalaou marokoarrak: "Hemen krisia dagoela esaten dute, eta egia da. Baina gure herrialdean ere lan gutxi dago, eta pobrezia handia da". Bera, adibidez, ileapaintzailea da, Marokon egin zituen ikasketak, baina edozer lan egiteko prest dago hemen. Brasilgo De Sousak, berriz, sei urte daramatza herrian "lan xumeren baten bila"; eta, zerbait aurkitu bitartean, ikastaro bat egiten hastekoa da.

Erreportajea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.