Zabalik da kultur taldeek 2015erako udal diru-laguntzak eskatzeko epea

Uztarria.eus 2015ko mar. 17a, 17:58

Atzo, martxoak 16, argitaratu zen deialdia GAOn eta hilabeteko epea dute eskaerak bideratzeko. Apirilaren 16a izango da azken eguna.

Azpeitiko Udalak zabaldu du herriko kultur taldeek 2015erako udal diru-laguntzak jaso ahal izateko eskaerak aurkezteko epea. Atzo, martxoak 16, argitaratu zen deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO). Horrela, hilabeteko epea izango dute interesa duten taldeek diru-laguntza eskaerak udaletxeko Erregistro Nagusian aurkezteko. Apirilaren 16a izango da horretarako azken eguna.

2015. urterako Azpeitiko kultur entitateen kultur egitasmo edota urteko programen garapena finantzatzera zuzendutako diru-laguntzak dira Udalak deialdi honen bidez banatuko dituenak. Oinarriak, 2013an diru-laguntza horiek arautzeko onartutako oinarri berezietan jasotakoak dira. Oinarri horiek, eskaera-orriak eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren gaineko xehetasunak udaletxean bertan eskura ditzakete taldeek.