Epaileak bankuen helegitea baztertu eta Azkue enpresaren funtzio soziala lehenetsi du

Urola Kostako Hitza 2015ko mar. 17a, 16:00
Azkue lan sozietate berriko arduradunek eta administratzaile konkurtsalek egin dute gaur agerraldia.

Dagoeneko parketak egiteko eskaerak jasotzen ari dira, eta 20 langile ari dira lanean Azkue berrian uneotan.

Donostiako Merkataritza arloko epaileak alboratu egin du bankuek Azcue y cia enpresaren hartzekodunen konkurtsoan jarritako helegitea; eta, beraz, Azkue Sozietate Laboralari eman dio arrazoia. Enpresa berriko zuzendaritzako kideek eta administratzaile konkurtsalek nabarmendu dute autoa "berritzailea" dela, bankuen interesen aurretik jarri dutelako enpresaren arlo sozialaren garrantzia. "Araua interpretatzeko bide berria ireki dezake, eta horrek zeresana emango du", esan du Xabier Oleaga Azkue Soizetate Laboraleko zuzendariak.

Urtarrilean ziren Azkue berriko langileak lanean hastekoak, hartzekodunen konkurtsoan altzari enpresa erosteko baimena eskuratu ondoren. Bi milioi euroko eskaintza egin zuten langile ohiek, baina kopurua ez zen nahikoa bankuen arabera, zazpi milioi euroko hipotekaren jabe zirelako haiek pabiloiagatik. Beraz, helegitea jarri zuten Kutxabankek, Nafarroako Rural Kutxak, Elkargik, Bankinterrek, Banco Santanderrek, Banco Popularrek eta Caixabankek, baina epaileak baztertu egin du haien eskaera.

"Sorpresa ona" jaso dute langileek, eta gustura daude beraien proiektuaren "izaera sozialari" eman dioten garrantziarengatik, Edu Etxarte Administrazio kontseiluko kide eta Azcueko langile ohiaren arabera. "Parte-hartze prozesu garbia" egin dutela esan du Etxartek, eta "konpromiso horrek" eragin duela epailearen erabakian. "Bi urte gogor izan dira, baina bukaera zoriontsua izan dute", nabarmendu du.

Epailearen apustua

Azkue Sozietate Laboralaren egoera azaltzeko eta epailearen erabakiaren berri emateko egin dute agerraldia enpresako zuzendariak, kontseilari ordezkariek eta administratzaile konkurtsalek. Haiek epailearen erabakia goratu dute, eta bankuen eta erantzukizun sozialen arteko "borrokan horretan", arlo soziala lehenestea "berritzailea" dela namabermendu dute. Emilio Gonzalez administratzaile konkurtsalak adierazi du "lehiaketa interesgarria" izan dela Azcue enpresarena: "Behetik gora eginiko kudeaketaren adibide da. Enpresa geldirik zegoen, eta langileek jarri dute martxan ezerezetik". Gonzalezen arabera, horregatik egin du "apustua" epaileak, eta denen lanarekin lortu dute "bultzada" hori.

Bestalde, Faustino Garcia kontseilari ordezkariak esan du epailearen autoaren ostean, etorkizunerako "ikuspegi onak" dituztela: "Aro bat amaitu da, aro gogorra, eta bestea hastera doa". Haren hitzetan, azken bi asteetan eskaera berriak jaso dituzte, eta hilabete eta erdiko eskaeretako produktuak eginda dituzte.

Parketari dagokionez, adibidez, prest daude instalazio guztiak. Hornitzaileak Azpeitian eta Azkoitian aurkitzen saiatu dira enpresako ordezkariak, eta inbertitu dituzten 800.000 euroetatik 450.000 bailaran gastatu ditzute, Antonio Ceballos kontseilari ordezkariak azaldu duenez. Jarritako diruaz gain, lau milioi euro inbertitzeko asmoa du enpresak; horietatik bi milioi, konkurtsoko ondasunak eskuratzeko. Milioi bat bazkideek jarriko dute, eta gainerakoa finantza erakundeek, hau da, aboral Kutxak, Sabadell-Guipuzcoanok, Banco Popularrek, Luzarok eta Oinarrik

Azkue enpresa berriko egoera, giza baliabideei dagokienez

Une honetan enpresan lanean ari diren pertsonak: 20. Horietatik batzuk behin-behineko langileak dira, ingeniariak, enpresa martxan jarri bitartean lanean ari direnak.

Datozen asteetako erronka: 30 langile izan nahi dituzte datozen bi asteetan.

Langileen zifra, urtea bukatu aurretik: 50.

Langileen zifra, 2016rako: 100.