Sustapen Planera 350.000 euro bideratuko ditu aurten ere Udalak

Uztarria.eus 2015ko mar. 17a, 15:35
Iñaki Portilla, Eneko Etxeberria, Begoña Beobide eta Iñaki Zabaleta. (Eneritz Albizu)

Azken bi urteetako moduan, 2015eko aurrekontutik diru kopuru zehatz bat sustapen ekonomikora bideratuko du Azpeitiko Udalak. Iazko gisan, 350.000 euro izango ditu aurten Udalak enplegua sustatzeko, berrikuntzarako nahiz ekintzailetasunerako. Iaz Udalak eta Saiolanek sinatutako akordioa tarteko, 350.000 euro horietatik 115.000 inbertituko dituzte enpresa eta berrikuntza zentro horretan propio garantzen ari diren proiektuetan. 2014ko Sustapen Planaren balorazio "oso positiboa" egin du Udalak.

Azken bi urteetako moduan, 2015eko aurrekontutik diru kopuru zehatz bat sustapen ekonomikora bideratuko du Azpeitiko Udalak. Iazko gisan, 350.000 euro izango ditu aurten Udalak enplegua sustatzeko, berrikuntzarako nahiz ekintzailetasunerako. Iaz Udalak eta Saiolanek sinatutako akordioa tarteko, 350.000 euro horietatik 115.000 inbertituko dituzte enpresa eta berrikuntza zentro horretan propio garantzen ari diren proiektuetan.

Lau lerrotan banatuko dituzte enplegua sustatzeko nahiz berrikuntzarako-eta bideratutako diru-laguntzak: industria proiektu estrategiko edo berritzaileak bultzatzeko; langabetuei formakuntza eskaintzeko eta enplegua sortu edo mantentzeko; enpleguaren sorrera duten proiektu ekintzaileak eta izaera soziala duten proiektuak bultzatzeko; eta merkataritzan eta lehen sektorean enplegua sustatzeko.

Ekonomia sustatzeko planaren xehetasunak

Esan bezala, lau lerro nagusi aurreikusi ditu Udalak ekonomia sustatzeko planaren barruko diru-laguntzak ematerakoan:

  • Industria proiektu estrategiko edo berritzaileak: Diru-laguntza honen onuradun izango dira 20 langile baino gutxiagoko enpresak, irabazi asmokoak edo irabazi asmorik gabeak, eta lantokia edo jarduera eremua Azpeitian dutenak. Proiektuek enplegua sortzeko edo mantentzeko sortutakoak izan beharko dute, eta proiektuek izaera estrategikoa, berritzailea eta interes publikokoak izan beharko dute; ikerketa proiektuak, berrikuntza eta garapen proiektuak, teknologia eta makinetan egiten diren inbertsioak... Udalak 80.000 euro bideratuko ditu esparru honetara, baina enpresa bakoitzak, gehienez, 8.000 euro jaso ahal izango ditu proiektuko, eta enpresako bi proiektu aurkeztu ahal izango dituzte. 
  • Langabetuen kontratazioa eta lan baldintzen hobekuntza: Diru-laguntza hauek azpeitiarrak lan merkatuan sartzea ahalbidetzen eta lan baldintzak hobetzea helburu duten enpresek jaso ahal izango dituzte. Diru-laguntza jasoko dute aldi baterako kontratupean dauden langileei kontratu finkoa egiten dieten enpresek, besteak beste. Udalak 80.000 euro bideratuko ditu lerro honetara, eta horrela banatuko dituzte laguntzak: langabetuak kontratatu edo langileen baldintzak hobetu, eta langile horiei mugagabeko kontratuak egiten dizkieten enpresek, lanaldi osorako kontratuko 2.000 euro eta lanaldi erdirako kontratuko 1.000 euro eskuratuko dituzte.
  • Izaera sozialeko proiektuak: Diru-laguntza jaso ahal izango dute Azpeitiko irabazi asmorik gabeko elkarteek. Proiektuek ekintzaileak izan beharko dute, eta balio solidarioak, komunitarioak edo gizarte-justiziakoak barnebiltzen dituztenak. Enplegua sortzeko asmoa agertu beharko dute, baldin eta proiektua gauzatzeko langileak behar badituzte edo epe motzean enplegua sortuko dutela aurreikusten badute. Udalak 39.000 euro bideratuko ditu izaera sozialeko proiektuetara, eta proiektuko 10.000 euro jaso ahal izango dira.
  • Merkataritza eta lehen sektorerako laguntzak: Merkataritzako edo lehen sektoreko enpresek jaso ahal izango dute diru-laguntza. Langabezian dauden herritarrak kontratatzeagatik eta hiru hilabeteko kontratua egiteagatik, 600 euroko laguntza jasoko dute. Aldiz, sei hilabeteko kontratua egiten dutenek 1.200 euro eskuratu ahal izango dituzte. Merkataritza arloan lehiakortasuna bultzatzeagatik eta lehen sektorea sustatzeko ekintza edo jarduerak egiteagatik ere jaso ahalko dira diru-laguntzak: Interneten produktuak satzeko webgunea martxan jartzeagatik, gehienez, 600 euro banatuko dituzte. Lehen sektoreko produktuak kontsumitzen dituzten ostalariek, gehienez, 400 euro jasoko dituzte, eta lokaletako edo dendetako jarduerak behar berrietara egokitu (lokala handitu, negozio lerro berriak sortu, erakusleihoak berritu...) nahi dituztenek, berriz, 1.000 eurora arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute. Hori guztiaz gain, merkataritzako eta lehen sektoreko ekonomia aktibitateren bat Azpeitiko Alde Zaharrean jartzen dutenek, 3.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute proiektuko, gehienez. Guztira, 32.000 euro bideratuko dituzte lerro honetara.

Sustapen Planeko laguntzaren bat jaso nahi duenak Iraurgi Berritzenek Sindikatu Zaharrean duen bulegora joan beharko du gaurtik urriaren 31ra bitartean. 2014an martxan jarritako proiektuen sustatzaileek ere izango dute laguntzak eskatzeko aukera. Ebazpenak azaroaren 30erako jakinaraziko dituztela esan dute Udaleko zein Iraurgi Berritzeneko ordezkariek, eta ebazpenak jakinarazi bezain pronto diru-laguntzaren %50 banatuko dutela adierazi dute. Ondoren, abenduan, zuriketak justifikatu ostean banatuko dute laguntzaren gainerako laguntza.

2014ko balorazio "oso positiboa"

Iazko Sustapen Planaren balorazio "oso positiboa" egin du Azpeitiko Udalak eta Iraurgi Berritzenek. Joan den urtean plan horretara bideratutako 350.000 euroak banatu eta, guztira, 77 diru-laguntza eskaera jaso zituztela jakinarazi du Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko lehendakariak. Industria proiektu estrategiko eta berritzaileak diruz laguntzeko hamaika eskaera jaso zituzten iaz. Aldiz, izaera sozialeko zazpi eragilek jaso zuten laguntza. Langabetuak kontratatzeagatik edo mugagabeko kontratuak egiteagatik 25 enpresa lagundu zituzten diruz, eta 48 kontratu egin ziren guztira. Merkataritzara eta lehen sektorera bideratutako laguntzak jasotzeko 32 eskaera egin zituzten iaz.

Iñaki Portilla Industria, Merkataritza eta Turismo zinegotziak esan duenez, laguntza horiek tarteko 80 lanpostu sortu dira Azpeitian: "Lehen lerroari lotuta, hamasei zeharkako lanpostu sortu dira; bigarren lerroan 48 langabetu kontratatu dituzte; hirugarren lerroan zeharkako 30 lanpostu sortu dira eta laugarrenean, berriz, zuzeneko sei".

2014ko emaitzak ikusita, hainbat aldaketa egin dituzte 2015erako Sustapen Planaren baldintzetan. Horri lotuta, bigarren lan-lerroan formaziora bideratutako diru-laguntzak kendu egin dituzte, 2014an eskaerarik ez dutelako jaso. Bestalde, kooperatiba berriak edo autonomoei zuzendutako diru-laguntzak eta proiektu berritzaileak Iraurgi Berritzeneko beste diru-laguntza batzuetatik bideratuko dituztela jakinarazi dute.

Saiolanen proiektuetara 115.000 euro

Iaz sinatu zuten akordioa Udalak eta Saiolanek, eta hitzarmen horri esker Sustapen Ekonomikora bideratutako zenbatekotik 115.000 euro enpresa eta berrikuntza zentro horrekin garatzen ari diren hiru proiektutara bideratuko ditu Udalak aurten ere. Beobidek azaldu duenez, hiru proiektu dituzte eskuartean Saiolanek eta Udalak. Batetik, teknologia garbien eta hondakinen balorizazioaren gaineko proiektua ari dira gauzatzen. Bestalde, hirugarren adinari lotuta, adinduei zerbitzu guztiak etxean eskaintzeko enpresa berri bat ari dira sortzen. Horri lotuta, zerbitzu hori kudeatzeko heziketari lotutako proposamen konkretu bat ari dira garatzen, ondoren Eusko Jaurlaritzari aurkezteko. Hirugarren proiektua sektore kritikoei lotutakoa da. Enpresa txikien eta handien arteko harremanak sustatzea dute helburu, horien arteko harremanak sustatzeko eta elkar ezagutarazteko.