Gaur egingo dute Korrika Txikia

Uztarria.eus 2015ko mar. 16a, 19:44
Lekukoa pasatzen, 2013ko Korrika Txikian.

16:00etan hasiko da igerileku aurrean. Plaza Nagusiko lanak direla eta, ekitaldia, mezuaren irakurketa, txokolatada eta pailazoen emanaldia Olazko Andre Mariaren plazan egingo dituzte. Eguraldi txarra eginez gero, Korrika ikastetxe bakoitzean egin eta ondoren Soreasun elkartuko lirateke parte-hartzaile guztiak.

Martxoaren 22an igaroko da 19. Korrika Azpeititik. Korrika nagusia igandez iritsiko da aurten eta, horrenbestez, herriko ikasleak protagonista izaten dituen Korrika Txikia aurreratu eta gaur, asteazkena, egingo dute.

Korrika Txikia 16:00etan hasiko da, igerileku aurrean. Handik Jose Artetxe kalera, Artzubiko biribilgunetik Zelai Luzera eta, Enparango zubia zeharkatuz, Alde Zaharrera iritsiko dira korrikalariak. Enparan kalean behera, Perez Arregin Erdikalean gora hartu eta Plaza Txikitik berriro Enparanera joango dira; zubia berriz gurutzatu eta, Zelai Luzen gora eginda, Artzubiko zubitik Olazko Andre Mariaren plazara iritsi arte. Ez ohiko ibilbidea eta ez ohiko helmuga izango ditu, horrenbestez, aurtengo Korrika Txikiak, obrak direla-eta ezingo baita plaza Nagusiko betiko bukaera egin. Olazko plazan ospatuko dute amaiera festa, mezuaren irakurketarekin, txokolatadarekin eta pailazoen emanaldiarekin.

B plana, eguraldia txarra bada

Aipatutako ibilbidea eguraldia lagun badute osatuko dute. Eguraldia txarra bada, Korrika Txikia ospatu gabe ez dute utziko, baina beste modu batera egingo dute: ikastetxe bakoitzak bere Korrika egingo du eta, ondoren, bukaerako ekitaldian elkartuko dira guztiak, baina Soreasu antzokian, eta ez Olazko Andre Mariaren plazan.