Pasaiako segadaren gaineko erakusketa hilaren 22a arte ikus daiteke Sanagustinen

Uztarria.eus 2015ko mar. 17a, 11:15

Pasaiako segadaren 31. urteurrena izango da igandean, martxoak 22. Egun horretan bukatuko da, hain zuzen ere, aste osoan zehar Sanagustin kulturgunean ikusgai egongo den erakusketa. Hainbat ataletan banatu dute erakusketa. Horrela, Dionisio Aizpuru Kurro-ren eta Pedro Mari Isart Pelitxo-ren gaztetako eta umetako argazkiak, gertakariaren berri ematen duten argibide taulak, bi azpeitiarren gorpuak herrira ekarri zituzteneko argazkiak, eta 1984ko martxoaren 22an zein hurrengo egunetan prentsan argitaratu zituzten alderdi zein instituzioen erreazkio politikoen eta herri mobilizazioen berri ematen duten albisteak ikus daitezke Sanagustinen. Aferak azken urteetan izan duen bilakaera ere aztertzen du erakusketak.