Pasaiako segada argitzea exijitu dute, 31. urteurrenaren aurkezpenean

Uztarria.eus 2015ko mar. 13a, 20:06
Kurrori eta Pelitxori eskainitako monolitoa aurrean dutela egin dute agerraldia.

Urtero legez, Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren senideek eta lagunek hainbat ekitaldi antolatu dituzte, 1984ko martxoaren 22an Espainiako poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zitueneko argitu gabeko gertaerak gogoan.

"31 urte beranduago, gertakariek argitu gabe jarraitzen dute. Bertsio ofizialak tiroketa bat izan zela dio, baina hamaika arrazoi ditugu hori horrela izan ez zela pentsatzeko", esan dute Dionisio Aizpuru Kurro-ren eta Pedro Mari Isart Pelitxo-ren senideek eta lagunek gaur, ostirala, Pasaiako segada argitzeko eskatuz aurten ere antolatu dituzten ekitaldiak aurkezteko egin duten agerraldian. Enparan Dorretxearen atzean hitz egin dute, 1984ko martxoaren 22an Espainiako poliziak tirokatuta Pasaiako badian hildako bi azpeitiarren omenezko monolitoaren bueltan. Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituzten egun hartan Pasaian: Kurro eta Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Mari Izura Pelu txantrearrak.

Agerraldian, Kurro eta Pelitxo "Azpeitiko historiaren parte" direla aldarrikatu dute eta "herrikide diren heinean, Pasaian gertatu zena argitzeko, eta erantzun behar duenari erantzukizunak eskatzeko exijitzen dugu", esan dute, "beraien familiei zor zaielako, baina baita beraien herriari ere". Urteak aurrera joan ahala, Pasaian jazotakoaren oroimena belaunaldiz belaunaldi igaroz doala ere nabarmendu nahi izan dute, "Guztiok oroimenean ditugu, eta ez dugu egia aurkitu arte etsiko".

Egitaraua

  • Martxoaren 16tik 22ra erakusketa, Sanagustin kulturgunean.
  • Martxoaren 18an, 12:00etan, ikasle mobilizazioa eta gertakarien azalpena senideen eskutik, erakusketan.
  • Martxoaren 22an, 12:30ean, ekitaldia Enparan atzean.