Aurrera, atzera begiratuta

Uztarria.eus 2015ko mar. 13a, 12:36

Uztarria herri aldizkariaren martxoko zenbakia irakurgai dago jada Uztarria.com-en, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 170. zenbakian genero indarkeriaren inguruan egindako erreportaje zabala ekarri dugu hona.

Menpekotasuna, beldurra, etsipena, mina, gutxiespena, umiliazioa, zauriak. Horiek dira indarkeria jasan duten emakume askok euren hiztegian ondo iltzatuta dituzten hitzetako batzuk. Definizio liburuaren bestaldean badira, ordea, bestelako adierak ere; indarra, gogoa, bizitza, maitasuna, laguntza, babesa. Kostatuta bada ere, hitz horiek erabiltzen dituzte sufrimendua atzean utzi eta ausardiaz aurrera egin duten emakume askok. Azpeitian ere hainbat dira genero indarkeriaren biktima izan direnak, eta hiru emakumeren testigantzak jaso ditu, anonimotasunean, Uztarriak.

Lekukotza I

Adina: 45 urte. Indarkeria mota: Psikologikoa. Jatorria: Azpeitia.
 
"Ez ginen batera bizi, baina egunero egoten ginen. Edozergatik sesioan hasten zen; zerbait prestatzen banuen, gaizki prestatu nuelako, jakiak platerean gaizki jarri nituelako, ez nengoelako behar adina prestatuta edo ez nengoelako berak nahi bezain eder, pixkat gizendu nintzelako, jantzita negoen moduagatik... beti zuen zerbait. Denak perfektua izan behar zuen, hori zen bere prototipoa. 
 
Guztiz menperatuta sentitzen nintzen. Emozionalki menpekoa nintzen. Zenbaitetan moztu genuen harremana. Halakoetan beste harreman batzuk izan zitzazkeen berak, baina nik beste norbait ezagutzen banuen, deitu egiten zidan eta harremana moztu behar izaten nuen, berarekin itzultzeko. Atzetik segitzen zidan askotan, eta berak nahi zuen guztia egin behar izaten nuen.
 
Haurdun gelditu nintzen, eta bikotekideak esaten zidan haurdun gelditu nintzela berari xantaia egiteko. Nik ezetz esaten nion, baina errudun sentitzen nintzen. Medikuak esan zigun tratamenduak huts egin zuelako gelditu nintzela haurdun, baina abortatu egin nuen, errudun sentiarazi ninduelako.
 
Harremana hautsi egin genuen. Ondoren, beste harreman serio bat hasi nuen eta bikotekide hark nola tratatzen ninduen ikustean ohartu nintzen tratu txarren biktima izan nintzela zortzi bat urtez. Iruditzen zitzaidan egungo bikotekidearekin nuen harremana ez zela normala, babestu eta ulertu egiten ninduelako. Orduan, aurreko bikotekidearekiko menpekotasuna izan nuela ohartuta, jo nuen Gizarte Zerbitzuetara. Jota nengoen, eta nahastuta ere bai. Harreman berriarekin zerbait egin nezakeela ikusi nuen, baina beldurra nuen lehen bizitakoaren moduko zerbait gertatzeko.
 
Laguntza jaso dut eta babestuta sentitu naiz. Baina hala sentitu naiz nahi izan dudalako. Norberak ez badu babesa nahi, nahiz eta handia eman, alferrikakoa da. Adibide bat jartzearren, zigarroa erretzeari uzteko laguntza jasotzen baduzu, baina zuk ez baduzu lagatzea nahi, ez dago zereginik. Norberak nahi izan behar du aurrerapausoa ematea. Izugarrizko laguntza jaso dut, baina eskatu arte denbora asko pasatu zen. 
 
Bikotekidearekin hiru urte daramatzat, eta askoz ederrago sentitzen naiz, lagun gehiago ditut, herrian antolatzen diren ekintzetan parte hartzen dut, kalera ateratzen naiz... Aldatu egin naiz. Lehen itxita nengoen, eta jarrera aldatu dut. Hori da, ziur sentitzen naizelako eta autoestimu handiagoa dudalako.
 
Laguntza eskatzen ausartzen ez den emakumeari esango nioke ez pentsatzeko errudun dela. Berak ez du ezer egin, eta ez du errudun edo huts egin duenik sentitu behar. Egoera hori da eta aurre egin behar zaio. Topikoa da, baina egoera horietatik atera daiteke. Irteten da, baina zeu izanda. Laguntza jasoko duzu, baina zuk eskatu behar duzu”.

Lekukotza II

Adina: 38 urte. Indarkeria mota: Fisikoa eta psikologikoa. Jatorria: Maroko.
 
"Hasieran senarraren familiarekin bizi ginen, eta ez genuen arazo berezirik izan. Biok bizitzera joan ginenean aldatu zen guztia, eta ni zapaltzen hasi zen. Bera zen etxeko nagusia eta ni neskamea. Esandako guztia egin behar izaten nuen, eta egiten nuen dena gaizki zegoen.
 
Hasieran uste nuen bera nire senarra zelako eta ni bere emaztea nintzelako dena ixilik 'tragatu' behar nuela. Horrela zela eta kito. Senarrari ez nion kontra egiten eta jasandako eraso guztiak ezkutatzen nituen. Denborarekin gauzak okerrera zihoazela ikusi nuen: egiten nuen guztia kontrolatzen zuen, ez zidan dirurik ematen, edozer esaten zidan (beti gauza txarrak, irainak, mespretxuak...), jo egiten ninduen, bultzadak ematen zizkidan. Lanean hasi nintzenean, dirua kentzen zidan, eta salatzen banuen, hil egingo ninduela ere esaten zidan.
 
Horrela jarraituz gero hil egingo ninduela pentsatzera iritsi nintzen, eta jabetu nintzen ez nuela gizon harekin horrela bizitzerik merezi. Seme-alabak nituen, eta ezin nuen horrela jarraitu. Gizarte Zerbitzuekin eta medikuarekin banuen harremana, eta erabaki nuen bikotekidearekin nuen erlazioari bukaera ematea. Senarra izanagatik ez zuen ni horrela tratatzeko eskubiderik, eta nik ondo bizitzeko eskubide guztia nuen. Azkenean, salatu egin nuen.
 
Erakundeen aldetik babes eta laguntza handia jaso dut. Bizitza guztiz aldatu zait. Pertsona autonomoa bilakatu eta neure buruarengan sinisten hasi nintzen. Senar ohiak esaten zidan ez nintzela aurrera egiteko gai izango, ez nuela asmatuko bera gabe bizitzen, baina banandu nintzenetik lasai bizi naiz. Denok dauzkagun kezkekin, baina lasai, beldurrik gabe eta neure buruaren jabe izanez. Urteak dira lanean hasi nintzela, eta hala jarraitzen dut. Seme-alabak ditut eta edozein familiaren modukoa da gurea. Ez dut senarraren beharrik izan. Gai naiz neure bizitza antolatzeko eta seme-alabekin borroka egiteko.
 
Indarkeria jasaten ari den eta egoera larrian dagon emakume horri esango nioke laguntza eskatzeko, ez ixiltzeko eta zapaltzailearekin duen harremana bukatzeko. Ezagutzen ditut gaizki dauden pertsonak, eta beti esaten diet buruko mina ez dela guztiz joaten, baina xamurtu egiten dela. Gu gai gara aurrera egiteko, irteteko, eta merezi du bizitzeak. Ni orain lasai eta itxaropenarekin bizi naiz".

Lekukotza III

Adina: 22 urte. Indarkeria mota: Psikologikoa. Jatorria: Azpeitia.
 
"Harreman bat nuen duela sei urte. Jeloskorkeria zen nagusi harreman hartan. Adibide bat jartzearren, goizaldean, 04:00ak aldean, etxera deitzen zidan, etxean nengoen jakiteko. Garai hartan bere alde jartzen nintzen, eta egiten zuen guztia justifikatzen nuen, nahiz eta amak esaten zidan egoera ez zela normala. Halako batean, utzi egin ninduen.
 
Urte batzuen buruan, topo egin genuen festa batzuetan. Beste mutil-lagun bat nuen jada. Hizketan aritu ginen, eta orduan hasi zen jazarpena. Harremana uzteko eskatu zidan, berarekin itzultzeko, nirekin egon nahi zuela eta. Ni parrandara joaten nintzen herrietara joaten hasi zen. Denei bere neskalaguna nintzela esaten zien. Gerora jakin nuen nire inguruko pertsona batzuekin hitz eginda zegoela, nolabait, ni kontrolatzeko. Sare bat sortu nahi zuen ni kontrolpean izateko. Whatsapp-eko konexioengatik kontuak eskatzen zizkidan eta egiten nuen guztia gaizki iruditzen zitzaion. 
 
Egun batean, esan nion banekiela nire lagunei ni zelatatzeko eskatu ziela, eta uzteko bakean. Oso gaizki hartu zuen eta Azpeitira etorriko zela –ez zen azpeitiarra– eta 'kristorena montatu' eta nire gauza intimoak kontatuko zituela mehatxu egin zidan. Oso-oso urduri jarri nintzen, eta ez nion mugikorra hartzen. Etxera deika hasi zen, eta etxekoei kontatu behar izan nien gertatutakoa. Hasieran, lotsa edo erreparoa eman zidan, baina mugara iritsi zen.
 
Banekien ez ninduela joko, baina beste beldur mota bat sentitzen nuen. Pentsatzen nuen nire bizitzan eragingo zuela, nire harremanak hautsi zitzazkeela eta ingurukoei mina egingo ziela. Esan nion berriz halakorik egiten bazuen salaketa jarriko niola, baina ez zuen jarrera aldatu.
 
Amak eta lagun batek salaketa jartzea gomendatu zidaten. Lehenengo medikuarenera joan nintzen, oso urduri eta antsietatearekin. Han lasaitu ninduten eta medikuaren partearekin ertzain etxera joan ginen. Askotan pentsatzen dugu tratu txar psikologikoak ezin direla frogatu, eta nik sentipen hori nuen: zuk, zure etxekoek eta lagunek bizi duzue tragedia, baina ez dago ageriko zauririk. Ertzainek ez zuten zalantzan jarri nik esandako ezer, eta eroso sentiarazi ninduten. 
Salaketa jarri nuenetik lasaiago edo babestuago sentitu naiz. Mutil-lagun ohiari abisatu egin zioten, eta bakean utzi ninduen. Hilabete batzuk geroago epaitegira joan nintzen deklaratzera, eta hor amaitu zen guztia.
 
Nire aholkua da konfiantza duzun pertsonei gertatzen zaizuna kontatzea, eroso sentitzen zarenean. Pausoa eman eta salaketa jarri. Maite zaituztenek lagunduko dizute, eta ez zaituzte zalantzan jarriko. Lasai nago, badakit-eta ez dela nire etxeko ateraino etorriko beroaldi horietako batean. Badakit ez didala etxera hogei aldiz deituko, badakit nire lagunak ez dituela mehatxatuko... Inguruan laguntzeko pertsonarik ez dutenei esan nahi diet erakundeak badaudela laguntza eskaintzeko. Inor ez dago bakarrik. Inor ez".

Beldurra

Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako burua da Edurne Zubia. Aurreko lerroetan jasotako testigantzen antzeko dozenaka kasu artatu izan dituzte urtero berak eta Udaleko gizarte langileek. Zubiak dioenez, "kasu bakoitzak modu batean jokatzea" eskatzen du: "Pertsona bakoitzak zer behar duen eta pertsona horrek zer trebezia dituen, zer inguru duen, lagunak eta familiakoak, desberdina da. Denei laguntza psikologikoa eskaintzen zaie, eta batzuk onartzen dute eta besteek ez. Laguntza juridikoa ere eskaintzen zaie, eta, ondoren, bakoitzaren erabakiaren arabera jokatzen dugu". 
 
Zubiaren arabera, "beldurrak" asko eragiten die genero indakeria edo tratu txarrak jasaten dituzten pertsonei. "Asko kostatzen zaie laguntza eskatzea. Sarritan ez dute onartzen, eta genero indarkeria edo tratu txarrak jasaten ari direla konturatzea ere kostatu egiten zaie batzuei. Askotan geu jartzen gara biktimarekin harremanetan, Udaltzaingoak jakinarazpena duelako eta bizilagunek abisatu digutelako, adibidez. Udaltzaingoak beti abisatzen digu halakorik denean, baina Ertzaintzan salaketa jartzen duten askok guri ez abisatzeko eskatzen diete ertzainei. Gutxi izaten dira, baina badira, eta pertsonaren eskubidea da hori ere. Beste kasu asko ikastetxeetan atzematen dituzte. Izan ere, seme-alabei ere eragiten die etxeko egoerak, eta beraiek izaten dira askotan gertatzen denaren seinalea. Hala iristen gara batzuetan familia horietara, eta sendi horiek babes handia behar izaten dute", adierazi du. 
 
Zubiak ondo gogoan du duela bospasei urte pasatu zitzaiona. "Semearen tratu txarrak jasaten zituen emakume bat artatu genuen, eta epaitegira-eta lagundu nion salaketa jartzera. Denuntzia jarri ostean esan nion, berriz deituko zutela deklaratzera, eta nahi bazuen lagunduko niola. Behinola, epaitegira joan nintzen beste kontu bat tarteko, eta han zegoen emakume hura. Berriz deklaratzera joan al zen galdetu nion, eta ezetz, salaketa kentzera joana zela esan zidan. Baina salaketa niri jarri zidan, semea nik bultzatuta salatu zuela argudiatuta. Beldurra dago horren atzean. Nahiago zuen ni salatu semea salatu baino. Gorde egiten dute gertatzen zaiena, eta kostatu egiten zaie egoera horretatik ateratzea. Egoera batzuei aurre egin baino nahiago izaten dute agoantatzea".

Menpekotasuna

Dependentzia tratu txarren faktore "garrantzitsua" delakoan dago Zubia. Haren ustez, "emakume asko bizi dira eta bizi izan dira bikotekidearekin edo senarrarekin, ez direlako bakarrik bizitzeko gai ikusten". "Menpekotasuna izan daiteke ekonomikoa, psikologikoa edo bestelakoa, baina gizartearena ere bai", azaldu du: "Askok nahiago dute gaizki egon edo tratu txarrak pairatu, bakarrik egon baino. Gizarte eredua da bikotekidea izatea, eta ez baduzu, arraro, bakarrik, desberdin eta zenbait unetan baztertuta senti zaitezke. Horrek eragin handia du, eta normala da, gizartea hala planifikatuta dagoelako. Gizona ikusi dezakegu tabernan zerbait hartzen bakarrik, baina emakumea? Emakumearen kasua arraroa da gure adinean eta. Nik uste faktore garrantzitsua dela gizartea, eta menpekotasuna dela bikotekidearekiko zein gizartearekiko. Horrenbestez, meritua dute ondo ez dauden eta banatzeko erabakia hartzen duten pertsonek". Tratu txarren biktima askok "behin pasatu zen eta gehiago ez" pentsatzen dutela dio Zubiak, baina bere ustez, "behin pasatu izanagatik, menpekotasuna" dute pertsona horiek ere.  
Krisiak ere eragin zuzena duela dio. "Gertatzen dena da, denok zenbat eta gehiago eduki, orduan eta lasaiago eta hobeto bizi garela. Gutxi dagoenean barruan ditugun haserreak atera eta berriak sortzen dira. Ahultasunak ateratzen zaizkigu", esan du. Bikote asko egoera ekonomikoagatik ez direla banatzen uste du: "Hipoteka, haurren pentsioa... izugarrizko gastua da, eta nahiago batera bizi, egoeragatik". Menpekotasun ekonomikoaz ez dela asko hitz egiten dio Zubiak, baina halako egoeran bizi diren emakumeak gaur egunean ere badirelakoan da. "Hainbat dira bikotekidearen prostituta moduan bizi diren emakumeak. Diruagatik bizi dira bikotekidearen ondoan. Gizonak dirua ekartzen du etxera, eta emakume horren lana da gizonarentzat prestatzea eta guapa jartzea. Panpinak dira. Erabaki bat da hori ere, baina gogorra da. Batzuk jabetuko dira eta beste batzuk ez. 'Hau horrelaxe da' esango dute. Ikaragarria da, eta badira halakoak ere".

Gazteak eta indarkeria

Gazteen arteko genero indarkeria kasuek gora egin dutela dio Zubiak. "Hamahiru urte ingurutik hasi eta ikusten dira gauza batzuk... ez sinestekoak. Alkohola eta festa tartean direnean, batez ere. 'Zer da ba eskua sartzea' eta halakoak entzun izan ditut, eta harrituta gelditzen naiz. Alkoholaren izenean edozer egin daitekeela dirudi", azaldu du. Zubiak dio horrelako kasuak ez direla "eraso moduan" hartzen: "Horiek erasoak dira. Gurasoek ere garrantzia kentzen diete halako ekintzei askotan, baina larriak dira. Gurasoen papera garrantzitsua da. Neska bati 'eskua sartzea' ez da normala, neskak nahi ez badu. Libertinajea dago, eta kaltegarria da. Asko kezkatzen nau gazteen arteko joerak, edozer gerta daiteke eta".