Haurren gozagarri

Uztarria.eus 2015ko mar. 12a, 11:32
Sanagustin kulturguneak eta Gazteria sailak elkarlanean, haurrentzako ikuskizun bat eskainiko dute hilean behin. Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da hurrengoa.
Proba pilotua eginda dago, eta erabakia hartuta. Urtarriletik aurrera, hilero, edo ia hilero, haurrentzako ikuskizun bat behintzat izango da herrian. Bat edo gehiago, baina hileko hirugarren asteburuan ziur.
 
Sanagustin kulturgunearen eta Udaleko Gazteria sailaren arteko elkarlanaren fruitu da Txiki Biran egitasmo eraberritua. Lehenengo harria joan den abenduan jarri zuten, I. Metal Topaketen baitan. Izan ere, Metal Boskoteak eta Poxpo eta Inaxito pailazoek umeentzako saio didaktikoa eskaini zuten Sanagustin kulturgunean. Kulturguneko dinamizatzaile Kepa Urbietak dioenez, "bertaratu ziren haurrak eta gurasoak oso gustura egon ziren ordubete inguru iraun zuen ekitaldian. Polita izan zela diote".

Elkarlanaren indarra

Duela urte batzuk Gazteria sailak martxan jarri eta "erantzun ona" izan zuen Txiki Biran egitasmoari jarraipena ematea dute helburu hilean behin egingo dituzten ikuskizunek. Oraingoan, ordea, elkarlana izango dute ardatz emanaldiek. Hala dio Aloña Larrañaga Gazteriako teknikariak: "Orain arte bakoitza bere kasa aritu da umeentzako ikuskizunak antolatzen. Ez zuen zentzurik bakoitza bere aldetik aritzeak, eta elkarlanari ekitea erabaki genuen, egutegi bateratua eginda".
 
Urbietak uste du "zeharka bada ere, egutegia orekatzeko" ere baliagarri izango dela elkarlana: "Denok elkarrekin hasten bagara lanean, herriko taldeek umeentzat antolatzen dituzten ekitaldien berri, elkarren berri, izango dugu. Modu horretan, ez dira egun berean, ordu erdiren aldearekin, umeei zuzendutako bi ekitaldi egongo herrian. Eta horrela, ez ditugu ez umeak, ez haien gurasoak mareatuko. Zerbitzu hobea eskaintzeko moduan izango gara, eta indarrak batuta, ume gehiagorengana iritsiko garen esperantza daukagu. Oraingoz gustura gaude egindakoarekin, eta ikusiko dugu zer moduz ateratzen den esperientzia berritua".

Bertatik bertakoentzat

Orain arte umeentzat antolatu izan diren ikuskizun gehienak "kanpotik ekarritakoak" izan direla gogoratu du Urbietak. "Herriko talde desberdinek badute umeentzako emanaldiak prestatzeko gaitasuna eta badute zer eskainia. Kultur Mahaiaren helburuetako bat da transmisioa lantzea, eta transmisioari laguntzeko zer hoberik herriko taldeek umeentzat zerbait prestatzea baino", azaldu du kulturguneko dinamizatzaileak. Haren ustez, ikuskizunek "dinamikoak eta parte-hartzaileak" izan behar dute, oro har: "Modu horretan taldeek eta umeek zuzeneko harremana izango dute. Elkarrekin ondo pasatzeko, elkar ezagutzeko eta taldeek zer egiten duten herriko haurrei erakusteko balioko du egitasmoak. Baina ez dira emanaldi guztiak parte-hartzaileak izango. Ikuskizunetik gehiago izango dute batzuek". 
 
Larrañagak dioenez, Azpeitiko eragileekin elkarlanean aritzea "oso garrantzitsua" da: "Txiki Biran egiten zenean-eta ikuskizun guztiak kanpotik ekartzen genituen. Orain, herriko taldeekin lotu ditugu datorren urterako ikuskizunak: musika bandarekin, pailazoekin, antzerki tailerrekoekin... Beste apustu bat da. Bikoitza. Elkarlana dagoelako eta ikuskizunen eskaintza aldatu delako". Dena den, 2015erako prestatu dituzten ikuskizun edo emanaldi guztiak ez direla herritarrek osatutakoak izango aurreratu dute Larrañagak eta Urbietak, baina "gehienak bai", diote biek ala biek.
 
Aurreneko emanaldia urtarrilaren 10ean, zapatua, izango da. Soreasu antzokian Auzokoak dantza eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizunaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Traversée konpainiak taularatuko du lana, 16:30ean hasita.
 
Kasu horretan ez bezala, gainerako emanaldiak hileko hirugarren asteburuan izango dira. Urbietak dioenez, "horrek ez du esan nahi haurrentzako beste ekintzarik ez denik egongo gainerako egunetan, baina ganadu feriaren asteko asteburuko emanaldia elkarlanean antolatutakoa izango da". Emanaldiak “ibiltariak” izango direla dio Larrañagak: "Saiatuko gara herriko gune desberdinetara eramaten ekitaldiak. Emanaldiak ez dira beti Sanagustin kulturgunean edo Soreasu antzokian izango. Alde Zaharrean ere izango da emanaldirik, eta baita Urrestillan edo Sanjuandegin ere". 

Hastea soilik falta

Urbietak eta Larrañagak argi dute: "Ekitaldiek izan behar dute kalitatezkoak, parte-hartzaileak, bertakoak eta ondo pasatzekoak". Lau ezaugarri horiek, behintzat, bermatzen saiatuko dira bai Sanagustin kulturgunea eta baita Gazteria saila ere.
 
Datozen sei-zazpi hilabeteetarako ekitaldiak lotuta edo lotzear dituzte. Behin proba eginda, hastea soilik falta da. Has dadila ikuskizuna, bada eta aukera! Haurrek izango dute zer gozatu hilero, aurrerantzean ere.