Azpeitian 1936-1945 epean errepresaliatutako 300 bat lagunen zerrenda plazaratu du Aranzadik

Uztarria.eus 2015ko mar. 11a, 17:56

Gerra Zibilean eta lehen frankismoko garaian herrian gertatutakoaren inguruko ikerketa fasea bukatu dute; mila lagunetik gora identifikatu dituzte. Jasotako dokumentazio guztia oinarri hartuta, liburu bat egingo dute. Hala ere, eta aurrerapen gisa, aldi horretan giza eskubideen urraketa motaren bat jasan zuten pertsonen izen-abizenak argitara eman dituzte. Albiste honetan irakur daitezke izen-abizenen zerrendak.

Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Azpeitiko memoria historikoa aztertzeko iaz sinatutako hitzarmenaren aurreneko emaitzak plazaratu ditu Aranzadik. Gerra Zibilean eta lehen frankismoko garaian herrian gertatutakoaren inguruko ikerketa fasea bukatu dute, eta mila lagunetik gora identifikatu dituzte.

21 lagunen ahozko testigantzak jaso eta hainbat artxibategi kontsultatu dituzte Aranzadikoek, tokikoak, probintziakoak, erkidego mailakoak, militarrak eta eklesiastikoak. "Horietatik dokumentazio ugari ateratzea lortu dugu, idatzizkoa zein grafikoa", azaldu du Javi Buces Aranzadiren ikertaldeko kideak. Testigantzak eta jasotako dokumentazio guzti hori oinarri hartuta, "guztia laburbilduko duen eta dibulgazio-izaera izango duen liburua idazteari ekingo diogu hurrengo hilabeteotan".

Hala ere, eta aurrerapen gisa, aldi horretan giza eskubideen urraketa motaren bat jasan zuten pertsonen izen-abizenak argitara eman ditu Aranzadik; 300 lagun inguru dira. "Zerrenda horiek argitaratzearen helburua lanaren oinarrizko helburuetako bat bultzatzea da; hau da, dibulgazioa", argitu du Bucesek. "Era berean, hedapen horri esker, ikerlariek azpeitiar guztiekin partekatu eta aldera dezakete lanaren emaitzaren zati bat", dio. Horrekin, gainera, egon daitezkeen okerreko datuak zuzendu eta hutsuneak betetzeko balio dezaketen ekarpenak jasotzeko aukera izango dute. Era horretako ekarpenen bat egin nahi duten herritarrak jbuces@aranzadi.eus e-posta helbidea erabilita edo 699809130 telefonora deituta jar daitezke harremanetan Aranzadirekin.

Errepresaliatuen izen-abizenen zerrendak

Aranzadi Zientzia Elkartearen lan taldeak zazpi multzotan banatuta zabaldu ditu Azpeitian 1936-1945 epean errepresaliatutako pertsonen izen-abizenak. Hauek dira osatu dituzten zerrendak:

Auzitegi militar frankistek epaitutako azpeitiarrak.

Langileen batailoi eta kontzentrazio-esparru frankistetan sartutako azpeitiarrak.

Garbiketa frankista: kargutik kendutako irakasleak eta udal langileak.

Ilea moztu zieten emakumeak.

Matxinatutako tropak sartu ondoren tokiko agintari frankistek erbesteratutako emakume eta haur azpeitiarrak.

Azpeitian zituzten ondasunak konfiskatu zizkieten azpeitiarrak edo udalerrian jabetzak zituztenak.

1938 eta 1942 urteen artean Azpeitiko kartzelan espetxeratutako preso errepublikar espainiarrak.