Goenatxo II.ari omenaldia egingo diote San Jose egunean Loiolan

Urola Kostako Hitza 2015ko mar. 11a, 17:02
Asto lasterketa San Jose egunean egingo dute, 13:00etan hasita.

Larunbatean hasiko dira festak, XIV. San Jose Biatloiarekin. Egitarau oparoa prestatu dute; eta, lehen aldiz, dardo txapelketa antolatu dute auzoan, haurrentzat eta helduentzat.

Loiolako San Jose jaiak ospatuko dituzte auzotarrek datorren larunbatetik aurrera; eta aurtengoan, berezitasun gisa, Juan Jose Unanue Goenatxo II.-ari omenaldia egingo diote martxoaren 19an, osteguna, San Jose egunean. Horrez gain, dardo txapelketa antolatu dute Xanadu kafetegian, lehen aldiz, eta haurrentzat eta helduentzat bi proba prestatu dituzte, goizez eta arratsaldez.

Urtero legez, biatloiarekin hasiko dira festak Loiolan, larunbatean, martxoak 14. XIV. San Jose Biatloian, parte-hartzaileek hamar kilometro egin beharko dituzte mendi bizikletaz; eta beste lau, berriz, lasterka. Proba 16:30ean hasiko bada ere, 15:00etarako eman beharko dute izena kirolariek. Inskripzioa egiteko, bost euro ordaindu beharko dituzte, eta probaren ostean, askaria eta oroigarria jasoko dituzte.

San Jose egunean, dardo txapelketak egingo dituzte Xanadu kafetegian; goizean, umeek eta gaztetxoek jokatuko dute lehiaketa; eta, arratsaldean, helduen txanda izango da. Kafetegian bertan eman daiteke izena.

Ohiko herri kiroletako saioaz gain, omenaldia egingo diote Goenatxo II.a harri-jasotzaile azkoitiarrari. Urteak daramatza Loiolako jaiak antolatzen, eta joan den abuztuan erakustaldiak egiteari utzi zioenez, loiolatarrek erabaki dute festetan hura gogoan izatea.

Beraz, betiko jaialdiaz gain, gonbidatu bereziak joango dira saiora, eta trikitilariek, txistulariek, dantzariek eta bertsolariek ere hartuko dute parte. Omenaldiaren ostean, herri kirolariek eta Goenatxoren senideek afaria egingo dute, festetako antolatzaileekin batera, hari urteetan eginiko lana eskertzeko.

Hamaika ekitaldi antolatu dituzte auzotarrek Loiolako jaiei begira; haien artean, urteroko asto lasterketa famatua egingo dute San Jose egunez, 13:00etan. Horrez gain, haurrentzako puzgarriak eta jolasak ere jarriko dituzte auzoan, eta egun osoan zehar egongo dira erabilgarri. Martxoaren 20an IV. San Jose Mus Txapelketa egingo dute Xanadun. Dirua, txapelak, txuletak eta afariak izango dituzte jokoan, 20 euroren truke, partaideek. Jokoa 22:30ean hasiko da, eta izen-ematea, 22:00etan. Larunbatean, martxoaren 21ean, auzo afariarekin eta Elustondotarren doinuekin bukatuko dira festak.

Egitaraua

Martxoak 14, larunbata

16:30. Biatloia. XIV. San Jose Sari Nagusia. Izen-ematea 15:00etan izango da.

Martxoak 19, osteguna

11:00. 14 urte artekoentzat dardo txapelketa, Xanadun.

11:30. Zezen txiki eta pottokak.

13:00. Asto lasterketa.

16:00. Ume jolasak: mural margoketa, txokolatada, zirko gunea eta aurpegi margoketa.

17:00. Herri kirolak eta omenaldia Goenatxo II.ari. Xabier Orbegozo Arriya V.a eta Mikel Larrañaga aizkolariak; Goenatxo III.a eta Guzta harri-jasotzaileak eta honako gonbidatu bereziak: Ostolaza, Jokin Eizmendi, Idoia Etxeberria, Aimar Galarraga eta Aimar Irigoien.

17:30. Helduen dardo txapelketa, Xanadu kafetegian.

Egun osoan. Puzgarriak eta Egurrola trikitilaria.

Martxoak 20, ostirala

22:30. Mus Txapelketa, Xanadun. Izen-ematea 22:00etan hasiko da.

Martxoak 21, larunbata

22:30. Auzo afaria, Elustondo anai-arrebekin.