"Belaunaldi desberdinak oholtzan" elkartuko ditu San Jose Trikiti Jaialdiak

Uztarria.eus 2015ko mar. 11a, 14:05
Josu Arrizabalaga 'Izer', Imanol Amenabar Kultura zinegotzia eta Eneritz Gorrotxategi Trikitixa Elkarteko kidea.

Hilaren 21ean, zapatua, 17:30ean hasiko da jaialdia, Soreasu antzokian. Sarrerak bihar, osteguna, jarriko dituzte salgai Azpeitiko Pastorkua, Ametsa eta Mendizabal tabernetan, eta Azkoitiko Ixidro erretegian. Sarrerak erreserbatzeko aukera ere bada.

Aurrera doa martxoa, eta datorren astean izango da San Jose Eguna. Horrekin lotuta, urteroko legez, hilaren 21ean, zapatua, izango da Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatutako San Jose Trikiti Jaialdia. Elkarteko kide Josu Arrizabalaga Izer-ek azaldu duenez, "belaunaldi desberdinak oholtza berean elkartzea" izan da aurtengo jaialdiaren helburua, eta horren erakusle da parte hartuko duten trikitilari eta pandero-jole zaharrenaren, Vitoriano Loiola Ospas-en, eta gazteenaren, Liberen, artean 80 urteko aldea egotea. 

Hilaren 21ean, 17:30ean hasiko da jaialdia, Soreasu antzokian, eta hurrengo trikitilariek hartuko dute parte:

  • Ospas eta Janire: Vitoriano Loiola Ospas eta haren biloba Janire.
  • Martin eta taldea: Martinek Michel Longaron eta Olaia izango ditu laguntzaile.
  • Zabaleta eta Motriku: Iñaki Zabaleta eta Motriku pandero-jotzailea.
  • Laura Apeztegia eta Begoña Alzugaray
  • Leire Zumeta eta Amaia Arza
  • Julen Alonso eta Eneritz Alustiza
  • Libe eta Udane

Sarrerak bihar, osteguna, jarriko dituzte salgai Azpeitiko Pastorkua, Ametsa eta Mendizabal tabernetan, eta Azkoitiko Ixidro erretegian. Sarrerak erreserbatzeko aukera ere bada, eta erreserba egin nahi dutenek Trikitixa elkartera idatzi (trikitixa@trikitixa.net) edo 943 83 28 28, 669 363 492 edo 657 794 217 telefono zenbakira deitu beharko dute. Sarrera hamabi euro ordaindu beharko da, eta erreserba egiten dutenek jaialdiaren egunean, 16:00etatik 16:30era bitartean jaso beharko dituzte horiek Soreasuko lehiatilan. Bestalde, egunean bertan ere erosi ahal izango dira ikuskizunerako sarrerak, 16:00etatik aurrera, Soreasu antzokian.