'Bidegi auzia' salatu du EH Bilduk epaitegi aurrean

Uztarria.eus 2015ko mar. 11a, 12:17

'Bidegi auzia'-n auzipetutako hiru kide (Agustin Zugasti, Juan Bautista March eta Ivan Fernandez de Landa) Azpeitiko Lehen Auzialdiko eta Intrukzioko 2. epaitegian ari dira deklaratzen gaur, asteazkena, ustez AP-1 errepideko zatian egin gabeko lan batzuk ordaindu zirelako. EH Bilduk deituta, dozenatik gora lagunek elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean. Hainbat herritarrekin batera, bertan izan dira Joseba Permach Sortuko bozeramailea eta Joxean Agirre Sorturen Gipuzkoako koordinatzailea.

Permachek esan du "oso larria" dela AP-1 eta Bidegiren artean gertatu dena: "Diru publikoaren erabilera okerra egin da eta erabilera hori juridikoki ikertzen ari dria epaitegi honetan. Ikerketaren alde gaude, baina ikerketa juridiko eta penala egiteaz gain, oso garrantzitsua da kasu honen atzean arduradun politikoak badirela azpimarratzea". Permachek Markel Olano EAJko ahaldun ohiari eta Eneko Goia Azpiegitura diputatu ohiari egin die erreferentzia, "ardura politikoa" badutela esanda. "Ardura politiko horiek salatzeaz gain, salatu nahi dugu gertatutakoaren inguruko ikerketa egiteko eta ardura politikoak zehazteko agertu duten borondate eza".

Horrez gain, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak duela egun batzuk egindako adierazpenak ekarri ditu gogora Permachek: "Duela egun batzuk oposizioa eta EH Bildu exajeratzen eta ustelkeria kasu hauekin pilota handi bat egiten ari ginela esan zigun Ortuzarrek. Denbora asko beharko nuke azken asteetan atera diren kasu guztiak azpimarratzeko, baina guretzat exajeratua dena da batzuk diru publikoarekin egin duten erabilera okerra". Gogoan izan ditu azkeetako hainbat gertakari: "Herri honetan pertsona batzuei, Cabiecesi adibidez, 6.000 euroko soldata ordaindu zaie lanik ez egiteagatik. Herri honetan, 'Hiriko'-ren kasuan gertatu den bezala, milioiak eman dira diru publikotik, inoiz egon ez den kotxe elektriko baten aldeko apustu erridikulua egiteko. Herri honetan agertu ez diren lur mugimenduengatik milioiak ordaindu dira. Herri honetan merkatuko prezioen gainetik alokairuak ordaindu dira. Herri honetan, atzo, 'Urtxuegia' eta 'De Miguel' kasuak berriz aktibatu dira". Permachen arabera, "kasu gehiegi daude arduradun politiko batek exajeratuak garela esateko". "Hemen exageratua izan dena da diru publikoaren erabilpen okerra eta eskatzen diogu EAJri eta gainontzeko alderdiei gardentasunaren aldeko apustua egin dezatela eta ikerketa ez dezatela oztopatu, herritarrek diru publikoarekin egiten denaren berri izateko eta aurrera begira egin behar dena gardentasun osoz ezagutzeko eskubidea dutelako", gaineratu du Sortuko bozeramaileak.