Bizi dinamika abian da, "etxebizitza alternatiba berri bat gauzatzeko"

Uztarria.eus 2015ko mar. 10a, 18:48
Sindikatu Zaharrean aurkeztu dute Bizi dinamika.

Udal eraikinak gazteentzako etxebizitza bezala egokitzearen aukera jarri dute mahai gainean. "Proiektua hezurmamitzea" dute orain helburu eta, horretarako, batzar irekia egingo dute zapatuan, martxoak 14, 11:00etan Sindikatu Zaharrean.

"Etxebizitza aternatiba berri bat sortzera goaz" esanez aurkeztu dute euren burua Bizi dinamika abian jarri duten gazteek. Azpeitiko gazteen "bizi baldintzak geroz eta okerragoak direla" diote eta horrek, besteak beste, etxebizitza beharrak garestitzea ekarri duela. Etxebizitzaren arazoari irtenbideak aurkitu nahian, "gazteon bizi baldintzak hobetzeko eta bizi eredu berri bat eraikitzeko alternatiba ezberdinak aztertzen" aritu dira hainbat eragile eta norbanako azken hilabeteetan eta, "aukera ezberdinen artean", udal eraikinak gazteentzako etxebizitza bezala egokitzearen aukera jarri dute mahai gainean.

"Udal eraikinak etxebizitza bezala egokitzea egingarria da batetik, eta eraginkorra bestetik -diote Bizi dinamikaren sustatzaileek-. Gazteon bizi baldintzak hobetzeko, etxebizitza merkatu logiketatik atera eta aloikairu sinboliko batez ordaintzeko moduan jarri daitekeela uste dugu. Gure ustez, gainera, diruak ez luke muga izan behar, ordaintzeko beste formula batzuk bai baitaude". Proposatzen dutena "esperimentu berri bat ez" dela gaineratu dute, Errezilgo Mediku-Etxe auzoetxearen "antzeko proiektu bat" martxan dela gogora ekarrita.

"Dena erabakitzeko"

Horren berri emateko eta zapatuan, martxoak 14, 11:00etan Sindikatu Zaharrean egingo duten batzar irekirako deia egiteko agertu dira prentsaurrean Bizi dinamika abian jarri duten gazteak.

Izan ere, proiektuaren oinarria da plazaratu dutena, "baina zutabeak eraikitzea nahiz proiektua hezurmamitzea gazte guztion artean egin nahi dugu. Etorkizunean bertan bizitzeko interesa izan dezaketenena ez ezik, herriko edozien gazteren iritziak eta ekarpenak jaso nahi ditugu". Udal eraikinak etxebizitza bezala egokitzea nola finantzatu, zein eraikinetan egin, etxebizitzek nolakoak izan behar duten, zer hautatze sistema ezarri... "dena erabakitzeko" dagoela nabarmendu dute, eta "etxebizitza alternatiba berri bat gauzatzeko" sortu den Bizi dinamikaren "oinarri nagusiak" zapatuko batzarrean finkatu nahi dituzte. "Herriko gazte guzti-guztiei bertaratzeko deia egiten diegu, kafe eta pasta artean ideiak elkartrukatu, eta dinamika osasuntsu hasteko mugarri indartsu bat jartzeko".