Astelehenetik aurrera jarriko dituzte martxan Kirol Patronatuko zerbitzu berriak

Uztarria.eus 2015ko mar. 10a, 13:29

Bukatu dituzte igerilekuaren eraikina handitzeko lanak eta astelehenean hasita hainbat aldaketa izango da zerbitzuen eskaintzan. Ostiralean inauguratuko dute eraikin berritua, eta besteak beste, ordutegi berria izango du igerilekuaren eraikinak astelehenetik aurrera.

Bukatu dituzte igerilekuaren eraikina handitzeko lanak eta astelehenean hasita hainbat aldaketa izango da zerbitzuen eskaintzan. Izan ere, astelehenetik aurrera igerilekuan eskainiko dituzte aisiari lotutako kirol zerbitzuak, eta kiroldegia federatutako kiroletarako izango da. Gainera, ordutegi berria izango du igerilekuko eraikinak: astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 21:30era izango da zabalik, zapatuetan 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta jai egun eta igandeetan 09:00etatik 13:00etara.

Kiroldegiko zerbitzu guztiak igerilekuko eraikinean eskainiko dituzte astelehentik aurrera, eta kiroldegia federatutako kirolarientzako izango da, hau da, saskibaloian, futbolean, karaten, judon zein gimnasia erritmikoan ibiltzen direnentzat. Horrez gain, tenisean, paddelean, eskaladan edo squashean aritu nahi dutenek, kiroldegira jo beharko dute. Kiroldegiko tabernara joan beharko dute kirol horietakoren bat egin nahi dutenek, Kirol Patronatuaren bulegoa igerilekuan izango delako hemendik aurrera. Kirol horietakoren bat egin nahi duenak, egunero 16:00etatik 21:00etara izango dute horretarako aukera. Gainera, kiroldegiko sauna zerbitzua bertan behera geldituko da, eta haren ordez igerilekuan bi sauna mixto jarri dituzte. Bestalde, Manuel Unanue Udaleko Kirol Batzordeburuak azaldu duenez, "lasterka ibiltzen direnei igerilekutik ateratzea eskatzen diegu, eraikinei erabilera egokia emateko".

Unanuek gaineratu du "gustura" daudela egindako lanarekin, eta aurrerantzean ere "zerbitzuak hobetzen" saiatuko direla esan du. Eskerrak eman dizkie Kirol Patronatuko bazkideei, lanek iraun duten artean izan duten "pazientziagatik".

Ostiralean, martxoaren 13an, inauguratuko dute igerilekuaren eraikin berritua, 12:30etik aurrera. Unanuek azaldu duenez, "lanak bukatuta eta instalazioak erabilgarri" daude dagoeneko, baina zenbait gauza aurrerago egingo dituzte. Hala nola, medikuntza zerbitzua datozen hilabeteetan jarriko dute eta eraikinari aterpea ere egingo diote. Horrez gain, muskulazio aretoan monitorea jartzea ere aurreikusten du Udalak. Orain arte beste zenbateko bat ordainduta soilik erabil zitezkeen sauna eta gimnasioa bazkide orok erabili ahal izango ditu aurrerantzean, urteko kuota ordainduta.