Banatu dituzte Sokamuturra argazki lehiaketako sariak

Uztarria.eus 2015ko mar. 9a, 11:36

Joan den zapatuan banatu zituzten Karnabaletako XXXVI. Sokamuturra Argazki Lehiaketaren sariak, Betharrametako aretoan. 2015eko lehen saria Angel Olabarriarentzat izan da, Danak hire begira izenburudun argazkiagatik; 365 euro eta garaikurra jasoko ditu Olabarriak sari gisa. Bigarren saria (235 euro eta garaikurra) Juan Mari Ibarzabalek jasoko du, Segi kolunpiotara argazkiari esker. Sailkapeneko hirugarrena (200 euro eta garaikurra), berriz, Iñaki Etxenagusia izan da, Mugimendua lanarekin. Roman Azkuek (180 euro) eta Igor Froilanek (80 euro), laugarren eta bosgarren tokian, osatu dute aurtengo sarituen palmaresa, Larri-larri eta Eperra gogoan izeneko argazkiekin, hurrenez hurren.

Sokamuturra protagonista duten sail nagusiko irudiez gain, Inauteri giroko argazki onena ere saritzen du urtero Azpeitiko Argazki Elkarteak, Iñaki Joaristi Altzarte elkarteko kide zenaren izena daraman sariarekin. Aurten sari hori (150 euro eta garaikurra) Iñaki Etxenagusiak irabazi du, Simpsontarrak argazkiarekin.

Imanol Elias zena eta Iñaki Joaristi Altzarte elkarteko kide zena gogoan izan zituzten sari banaketan, eta lore sorta bana jaso zuten euren alargunek.

Dagoeneko zabalik da argazki erakusketa Betharramen, eta hilaren 22ra arte izango da zabalik. Lehiaketara aurkeztutako ehundik gora argazki ikusi ahal izango dira bertan. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta astebukaeretan 12:00etatik 14:00etara izango da zabalik aretoa.

Saritutako argazkiak ikusteko egin klik hemen.