Loiolako turismo bulegoa tokiz aldatuko dute

Uztarria.eus 2015ko mar. 6a, 19:43

Bulego berria urte osoan irekita egongo da. Aurrefabrikatutako eraikin modular bat izango da eta Santutegi aurreko lursailean ezarriko dute, harmailadiaren aurrean.

Loiolako turismo informaziorako bulegoak kokapen berria izango du laster. Udalak jakinarazi duenez, bulegoa kudeatzeaz arduratzen den Iraurgi Berritzenek Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena jaso du bulego berria jartzeko. Datorren astean sinatuko dute baimena zehaztuko duen kontratua.

Bisitariek egungo bulegoa topatzeko dituzten zailtasunek eragin dute, nagusiki, bulegoaren toki aldaketa. Hala azaldu du Udalak: "Gaur egun duen kokapena, Santutegiko eskuinaldean, desegokia da turismo informazio gune bezala, bisitariei zaila suertatzen baitzaie lokalizatzea".

Bulego berriari dagokionez, aurrefabrikatutako eraikin modular bat izango da eta Santutegi aurreko lursailean ezarriko dute, harmailadiaren aurrean. Udalak adierazi duenez, bulego berria urte osoan egongo da irekita eta haren kokapena "estrategikoa" izango da, "turismo jarduera dinamitzatzeko aukerak biderkatuko baititu, Santutegira inguratzen den turismo fluxuari tratu eta erantzun egokia ematea eta eskualdeko intereseko beste leku batzuetara bideratzea ahalbideratuz". Momentuz, ez dute zehaztu turismo bulegoa kokapen berrian noiz hasiko den lanean.