Etxebizitza hutsak alokairura bideratzeko Jaurlaritzaren kanpaina datorren astean iritsiko da Azpeitira

Uztarria.eus 2015ko mar. 6a, 18:36
Astelehenean eta asteartean Sanagustinpean jarriko duten stand-a. (ALOKABIDE)

Astelehenean eta asteartean, martxoak 9 eta 10, Zabaldu zure etxea, irabazi segurua kanpainaren stand-a Sanagustinpean jarriko dute, 10:00etatik 18:00etara. Alokairu sozialera bideratzeko etxebizitza hutsak mobilizatzea da helburua, etxejabeei behar duten informazioa emanez.

Eusko Jaurlaritzak Alokabideren bidez abian duen Zabaldu zure etxea, irabazi segurua kanpaina Azpeitira iritsiko da datorren astean. Jaurlaritzaren bermearekin alokairu sozialera bideratzeko etxebizitza hutsak mobilizatzea da herriz herri dabilen kanpaina horren helburua. Astelehenean eta asteartean, martxoak 9 eta 10, Sanagustinpean jarriko dute kanpainaren stand-a, 10:00etatik 18:00etara.

Bi arazori aurre egitea da asmoa: etxe hutsen arazoa eta herritarrek alokairuko etxebizitzak eskuratzeko dituzten zailtasunak. Alokabideren datuen arabera, gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 80.000 etxebizitza daude hutsik, etxebizitza guztien %8,7, eta 40.000 jar daitezke alokatzeko moduan.

Kanpainarekin, hutsik dagoen etxebizitza bat duten jabeak animatu nahi ditu Alokabidek, Eusko Jaurlaritzaren bermearekin etxebizitzak alokairuan jar ditzaten. Horretarako daude, esaterako, Bizigune eta ASAP programak; horien gaineko xehetasun gehiago jaso ahal izango dute interesa dutenek, Sanagustinpean egongo den informazio gunean. Horrez gain, etxejabeek alokairuaren gaineko informazioa eskuratzeko telefono bat (900251251) eta www.alokabide.euskadi.net webgunea ere eskura dituzte