Urrezko eta Zilarrezko Aizkoraren finalak jokatuko dituzte igandean

Urola Kostako Hitza 2015ko mar. 6a, 11:06

Probak Izarraitz pilotalekuan izango dira, 12:00etatik aurrera. Binakako txapelketak dira biak; beraz, zortzi aizkolari lehiatuko dira, guztira.

Eusko Label Txapelketako Urrezko eta Zilarrezko Aizkoren finalak jokatuko dituzte igandean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 12:00etatik aurrera. Binakako txapelketak dira biak; beraz, zortzi aizkolari lehiatuko dira, guztira. Urrezko Aizkorari dagokionez, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugerzak jokatuko dute Jon Rekondo eta Ander Erasunen kontra. Atutxa eta Mugerza joan den urteko irabazleak dira, eta Rekondo eta Erasun, berriz, lehen aldiz sailkatu dira Urrezko Aizkorako finalerako. Bestalde, Zilarrezko Aizkora eskuratzeko lehian ariko dira Daniel Vicente eta Iker Vicente, Eneko Otaño eta Eneko Saralegiren aurka. Eneko Otaño beizamarrak joan den igandean lortu zuen finalerako txartela, sorterrian jokatutako proban.

Urrezko Aizkoraren mailan, hamasei mozketa egin beharko dituzte, sei modalitate desberdinetan. Zilarrezko mailakoek, berriz, 11 mozketako lana izango dute. Beraz, denetik egitea egokituko zaie; enborra zutik edo etzanda jarrita.

Informazio gehiago Urola Kostako Hitza-ren webgunean.