Azketa Ahots Taldeak aurkezpen kontzertua emango du ostiralean ISB tabernan

Uztarria.eus 2015ko mar. 5a, 19:27
Azketa Ahots Taldea.

Azpeitiko zazpi abeslarik osatu dute talde berria. Luis Mari Galdosek, Joxe Mari Arregik, Eduardo Badiolak eta Juan Mari Lasak orain dela bi urte hasitako bideari batu zaizkio Antton Saez, Joxe Manuel Oiarbide eta Pedro Otaegi. Emanaldia 21:00etan hasiko da.

Orain dela bi urte lagunartean abiatutako asmoak jendaurreko agerraldi ofiziala izango du bihar. Azpeitiko zazpi kantarik osatutako Azketa Ahots Taldeak aurkezpen kontzertua emango du ostiralez, 21:00etan, ISB tabernan.

Luis Mari Galdosen "aspaldiko ideia" batetik abiatuta osatu dute taldea. Kantuaren eta abesbatzen munduan ez zaio esperientziarik falta azpeitiarrari. Donostiako Eason eta Gaztelupen ibilitakoa da, besteak beste, baina herri mailan zerbait egin nahi zuen: "Azpeitian eta bailaran ez dago gizonezkoen ahots grabeetako korurik. Afalondorenetan-eta kantuan ibiltzen ginen, lagunartean, eta zerbait egiten hasteaz hitz egiten genuen". Horrela, orain dela bi urte hasi ziren bidea egiten Galdos bera, Joxe Mari Arregi, Eduardo Badiola eta Juan Mari Lasa. Talde zabalagoa osatzea zuten helburu, ordea; Parrokiako Koruan kantatzen duten lagunengana jo eta gaur egungo zazpikotea osatu zuten, Antton Saez, Joxe Manuel Oiarbide eta Pedro Otaegi batuta.

Udalarekin harremanetan ere jarri ziren, entseatzeko tokiren bat inguratzeko, eta Julian Barrenetxea Abesbatzarekin elkarbanatzen dute lokala. Astelehenetan eta asteazkenetan elkartzen dira entseguak egiteko.

Entzuleak ere kantuan jartzeko asmoz

Hango eta hemengo kantu herrikoiekin zein polifonia piezekin ari dira osatzen Azketaren errepertorioa. "Hogei bat ari gara lantzen, eta horietatik hamalau-hamabost menperatuta ditugula esango nuke", azaldu du Galdosek. Bera ibilitako Easo eta Gaztelupe koruetatik inguratzen dituzte partiturak eta.

Biharko kontzertura joaten direnek izango dute aukera Azketakoek entseguetan landu dituzten hainbat pieza entzuteko, baina ez hori bakarrik. Izan ere, emanaldia bitan banatuko da: lehendabizi ahots taldekoak bakarrik ariko dira eta, ondoren, zenbait kanturen letrekin orriak banatuko dituzte ikus-entzuleen artean. "Jendea ere parte hartzera animatu nahi dugu, elkarrekin kantatzera, saltsa pixka bat sortze aldera", dio Luis Mari Galdosek.