Azpeitiko bi enpresa batzordek babestu dute ELAk eta LABek Confebasken aurka egindako salaketa

Uztarria.eus 2015ko mar. 5a, 12:12

Azpeitiko Biele eta Glual Hidraulica lantegietako enpresa batzordeek babesa agertu diote ELA eta LAB sindikatuei, Confebasken aurka egindako salaketaren aurrean. Izan ere, bi sindikatuek salatu dutenez, "Confebask ELA eta LAB ilegalizatzeko eskaera tramitatzen ari da Madrilen, Errege Dekretu Proiektu batez baliatuz". Hori dela-eta, sindikatuek bi puntuak eramango dituzte bihar, ostirala, Gasteizko Eusko Legebiltzarrera.

Azpeitiko Biele eta Glual Hidraulica lantegietako enpresa batzordeek babesa agertu diote ELA eta LAB sindikatuei, Confebasken aurka egindako salaketaren aurrean. Ehunka enpresa batzordek babestu dute salaketa, eta Eusko Legebiltzarrari eskatzen diote Confebasken asmoa gaitzetsi dezala bihar, ostirala, egingo den osoko bilkuran.

Oharra izenpetu duten enpresa batzordeek salatu dute "gobernu desberdinek harturiko erabaki politikoak elite ekonomikoaren mesedetan eta herritarren gehiengoaren kaltetan" hobetsitakoak direla. Horren aurrean, euskal sindikatuek azaldu dute, "langile borrokarekin, sindikalgintza eredu honekin, patronalaren estrategia oztopatzen, mugatzen eta baldintzatzen jakin dugu, eta horiek ez dute mugarik nahi lan harremanen desarauketaren bidean".  ELAk eta LABek azaldu dutenez, horren adibide da, "Confebaskek ELA eta LAB ilegalizatzeko Madrilen tramitatzen ari den Errege Dekretu Proiektu bidezko eskaera". Oharra izenpetu duten sindikatuen iritziz, "lan mundutik kanpo nahi dituzte", eta beraien ustez, eskaera hori "askatasun sindikalaren aurkako eraso larria da".

Sindikatuek salatu dute Confebaskek "ukatu" egin duela halako eskaera egin izana, "baina ez du argitu zeintzuk diren Madrilen aurkeztutako alegazioak": "Kontua isilarazi nahi dute, eta azalpen horiek ez dira nahikoak, gaiaren larritasunak eskatzen duelako eragile desberdinek Confebasken kontrako jarrera argia azaltzea".

Horregatik guztiagatik, bihar, ostirala, Gasteizko Eusko Legebiltzarrera eramango dute gaia, eta aurrerago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietara ere eramango dutela jakinarazi dute bi sindikatuek. Oharraren sinatzaileek adierazi dute, "zoritxarrez" badakitela zein den Gasteizko gobernuaren jarrera, eta "Confebaskekiko duen menpekotasuna tarteko, hari eskaintzen dion babes politikoa onartezina da", esan dute.

Sindikatuek ondorengo bi puntuak eramango dituzte Eusko Legebiltzarrera, han eskaera onartu dadin:

1.- Legebiltzarrak bere konpromisoa adierazten du askatasun sindikaleko oinarrizko eskubidearekiko, hori jendarte demokratiko bat definitzen duten funtsezko osagai izanik: askatasun horren ikusmolde zabalaz ari gara, eta horren baitan sartzen da sindikatui berez dagozkien interesak defendatzeko zein bitarteko erabiliko dituzten erabakitzeko zor zaien eskubidea.

2.- Legebiltzarrak gaitzetsi egiten du Confebasken asmoa, hots, Erakunde Sindikal eta Enpresarialen Estautuen Gordailuari buruzko Errege Dekretuan sartzea sindikatuaren izaera kentzeko prozedura.