Azpeitiko Cricket Elkarteak elastiko berria estreinatu du

Uztarria.eus 2015ko mar. 3a, 18:05

Badira zortzi urte Azpeitian jatorri pakistandarreko herritarrak cricketean jokatzeko elkartzen hasi zirela. Orain dela urtebete, berriz, sortu zuten Azpeitiko Cricket Elkartea eta gaur aurkeztu dute euren elastikoa (argazkian). Hamabost lagunek osatzen dute taldea; gehienak Azpeitikoak dira, baina zestoar bat eta Aizarnazabaleko pare bat kide ere ari dira taldean.

Asteburuetan elkartzen dira entrenatzeko eta udako oporretan, berriz, ligako partidak jokatzen dituzte. Azkoitian, Bergaran, Zumarragan edota Arrasaten ere badituzte taldeak, eta haiekin lehiatzen dira azpeitiarrak; baita Logroñotik etortzen direnekin ere.

Joko zelaiari dagokionez, Garmendipeko anexoa zenean futbol zelaia egin zutenetik Goenan jokatu eta entrenatzen dute Azpeitiko Cricket Elkartekoek. Goenako gunearen egoera da, hain zuzen, duten buruhauste nagusia. "Leku onean dago zelaia, eta gustura gaude. Hala ere, ondo joka dezagun, beharrezkoa da zelaia berdintzea. Euria egiten duenean gaizki jartzen da, putzuekin eta lokaztuta", azaldu du Ali Hussain taldeko kideak, elastikoaren aurkezpenean.