Hiromi Yoshidak japonierara itzuli du 'Linguae Vasconum Primitae' liburua

Uztarria.eus 2015ko mar. 3a, 12:30
Hiromi Yoshida. (Nerea Uranga)

Euskarazko lehenengo liburua, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitae, japonierara itzuli dute Hiromi Yoshida hizkuntzalariak eta Sho Hagio itzultzaileak. Azaroan argitaratu zuten liburua Etxepare Institutuaren laguntzarekin, eta Yoshida Azpeitian da egunotan, eta harekin hitz egin du Uztarria.eus-ek. 

Yoshidak dioenez, bere lagun Sho Hagiori otu zitzaion euskarazko lehen liburua japonierara itzultzeko ideia: "Duela hamar bat urte Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuaren japonierazko itzulpena egin zuen norbaitek, eta duela pare bat urte Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao liburuarena. Lagunak esan zidan, 'aizu guk Etxeparerena egin behar dugu inork egin aurretik', eta hala hasi ginen".

Sho Hagio Nagoyako Unibertsitateko irakaslea da eta Nagoyan bertan bizi da. Hiromi Yoshida, berriz, Tokion. Distantzia tarteko, liburuaren itzulpena egiteko Internet oso "baliagarria" izan zaiela dio Yoshidak. "Skype bidez egiten genituen bilerak. Elkarrengandik oso urruti bizi gara, eta Interneti asko eskertzen diot distantzia laburtzeko egin duen lana. Izan ere, eztabaidatzea eta hitz egitea beharrezkoak ziren itzulpena egiteko".

Duela bi urte edo hasi ziren liburuaren itzulpenarekin, baina lan handiena argitaletxea aurkitzea izan dela dio Yoshidak: "Argitaletxea aurkitu gabe ezin genion diru-laguntza eskatu Etxepare Instituari. Horregatik, aurreneko lana izan zen argitaletxea bilatzea, eta oztopo handiena ere bai. Kasualitatez, baina nahiko erraz aurkitu genuela esan dezakegu. Pentsatzen genuen ezetz esango zigutela, baina zortea izan genuen. Argitaletxe hartara jo genuen aurretik ere euskal gastronomiari buruzko liburu bat argitaratu zutelako. Euskararekin lotura zuela ikusi genuen, eta editoreari proposatu genion. Baietz esan zigun".

Ondoren jo zuten Etxepare Institutura diru-laguntza eskatzeko. Institutuaren lana da euskara mundura zabaltzea, eta Yoshidak dio "oso harrera ona" egin zietela bertan eta "dena oso erraza" izan zela handik aurrera.

Hori bai, Linguae Vascomun Primitae liburua japonierara itzultzea lan handia izan dela dio: "Lehenengo euskarazko liburua da, hamaseigarren mendekoa. Euskalkian dago idatzita eta oso zaila izan da, baina gustura, oso gustura, egin dugu". Hizkuntzalariari deigarria egin zaio Etxeparek "ordurako euskara goraipatzea": "Lehenengo liburua da, eta ordurako euskara goraipatzen du Etxeparek. Kontzientzia zegoen, euskara gurea dela dio eta zabaldu eta gorde behar dela. Hori asko gustatzen zait. Egungo kontzientzia bazen garai hartan ere".

Yoshidak ez daki liburuak zer nolako harrera izan duen, eta argi du argitaletxekoek ez zutela "asko saltzerik espero". Dena den, bere "nahia" lehenengo tirada saltzea dela jakinarazi du: "Argitaletxeari kalterik ez espero dut. Jakinda, lan hori ez dugula diruagatik egin".