Udalak beste hiru urtez kudeatuko du Ingurugiro Museoa

Uztarria.eus 2015ko mar. 2a, 12:04
Ingurugiro Museoa.

Datozen hiru urteetan Udala arduratuko da museoaren kudeaketaz, eta Eusko Jaurlaritzak 120.000 euro emango dizkio urtero Udalari. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak museoaren kanpoko haur parkea erabat berrituko duela adierazi du. Lanak 2015ean egingo dituzte.

Azpeitiko Udalak beste hiru urtez kudeatuko du Ingurugiro Museoa, joan den udalbatzarrean Eusko Jaurlaritzak eta Udalak zuten hitzarmena luzatzea erabaki ondoren. Horrenbestez, 2015, 2016 eta 2017 urteetan Udala arduratuko da museoaren kudeaketaz, eta horretarako, Eusko Jaurlaritzak 120.000 euro emango dizkio Udalari urtero. Guztira, 360.000 euro jasoko ditu hiru urtean Udalak.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak museoaren kanpoko haur parkea erabat berrituko duela adierazi du. Izarraitzen oinarritutako parke naturala irudikatuko dute bertan, irudi nagusi bezala, saguzarra izango du. Lan horiek 2015. urtean egingo dituzte.

 

Ingurugiro Museoa 1988an zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak, Azpeitiko Udalarekin lankidetzan, "euskaldunei orokorrean eta bereziki eskoletako neska-mutilei ingurumena ezagutu eta honen arazoez jabetzeko asmoz". Udalak jakinarazi duenez, urte guzti hauetan, 300.000 bisitari baino gehiago izan ditu Ingurugiro Museoak.