Eskubide Sozialen Kartaren alde martxoaren 14an mobilizatzera deitu dute sindikatuek eta eragileek

Uztarria.eus 2015ko ots. 26a, 19:50

Euskal Herriko gehiengo sindikalak deituta -ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK, EHNE eta Hiru-, martxoaren 14an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aldeko manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean. Gaur, Sindikatu Zaharrean, Urola Kostako ELA eta LABen eta deialdiaren bat egin duten eragileen ordezkariek agerraldia egin dute, Aldaketa soziala orain, alternatibak ditugu! lelopean egingo den nazio mailako mobilizazio horretan parte hartzeko deia luzatzeko. Azpeitiko jubilatu eta pentsiodunak, Bilgune Feminista, Elkar-ekin, Baigera eta Ernai dira deialdira batu diren eragile sozialak.

Azpeitian, Zumaian eta Getarian bezala, joan den urte hasieran ekin zioten Eskubide Sozialen Karta osatzeko lanketari. "Bizitzaren iraunkortasun orekatua erdigunean izango duen gizarte eredua" eta "gai ekonomiko nahiz sozial eta lan arlokoetan erabakitzeko erabateko ahalmena" defendatu eta aldarrikatzen dute Kartaren sustatzaileek. "Gure helburuak lortze aldera -diote-, mobilizazioa ezinbestekoa dela sinetsita gaude". Aurrekontu, fiskalitate eta politika sozialen aldaketa eta kalitatezko enplegua sortzeko politika "exijitzen" dute martxoaren 14ko deitzaileek, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta EAEko hiru foru aldundiak "politika publikoen orientazioa errotik aldatzeko beharrezko neurriak hartzen ez" direla ari iritzita.