Espainiako bandera udaletxean jartzeko agindua jaso du Azpeitiko Udalak

Uztarria.eus 2015ko ots. 26a, 12:31

Espainiako bandera udaletxeko etxaurrean jartzeko agintzen duen EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena jaso du Azpeitiko Udalak. Espainiako bandera jarri behar zuela 2012an jakinarazi zion Udalari Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Carlos Urkijok.

Espainaiko bandera udaletxeko etxaurrean jartzeko agintzen duen EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena jaso du Azpeitiko Udalak. Behin betiko sententzia horren arabera, Azpeitiko Udalak Espainiako bandera udaletxearen etxaurrean jarri beharko du. Urtarrilaren hasieran jaso zuen ebazpena Udalak, eta bi hilabeteko epea du bandera etxaurrean jartzeko.

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Carlos Urkijok 2012an jakinarazi zion Azpeitiko Udalari udaletxean Espainiako bandera jarri beharra zuela. 39/1981 legea oinarri hartuta egin zion ohartarazpena. Udalak jakinarazpen haren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta hari erantzunez iritsi da behin betiko ebazpena. Hau da, Espainiako bandera udaletxeko etxaurrean jartzeko agindua. 

Udalak ez du jakinarazi noiz eta non jarriko duen bandera.