Gustuko tokian aldaparik ez

Uztarria.eus 2015ko ots. 26a, 10:13
Ezkerretik hasita, Txusta, AƱibarro, Urbieta eta Bixente, Sanagustinen.

Sakrifizioa eta lana futbolean izenburua zeraman Lagun Onak Futbol Taldeak antolatuta astearte iluntzean Sanagustinen izan zen solasaldiak. Baina Txetxu Urbieta kazetariarekin aritu ziren Jon Irazustabarrena Txusta eta Txema Añibarro Eibarko jokalariek eta Bixente Oiarzabal jokalari ohiak argi dute sakrifizioa ez dela, beraientzat behintzat, haien lanarekin lotuko luketen lehendabiziko kontzeptua.

"Pribilegiatu batzuk gara", zioen Añibarrok. "Sakrifizioa ez da, gozatua da", Bixentek. "Gaztea zara eta, batzutan, gauza batzuk galtzen ari zarela pentsa dezakezu. Baina niri inoiz ez zait sakrifizioa iruditu, adibidez, entrenatzera joatea", Txustak. Afizioa eta pasioa ofizio direnean, gustuko tokian aldaparik ez dela garbi utzi zuten Lagun Onak Futbol Taldeak antolatutako Sakrifizioa eta lana futbolean solasaldiko gonbidatuek.

Txetxu Urbieta kazetari azpeitiarrak gidatuta eta xaxatuta, hitz eta pitz ibili ziren astearte iluntzean Sanagustinen Jon Irazustabarrena Txusta eta Txema Añibarro Eibarko jokalariak eta Bixente Oiarzabal jokalari ohia; Eibarko beste jokalari bat ere, Jon Errasti, iragarrita zegoen, baina azkenean ezin izan zen etorri. 25-30 ikus-entzuleren aurrean, futbolak eta futbolaren bueltakoek, maila profesionaletik hasi eta umeen mailara arte, azken urteetan izan duten bilakaera hizpide izan zuten protagonistek.

"Joan eta hartu zerbeza batzuk"

Historian lehen aldiz Espainiako Lehen Mailan lehiatzen ari den Eibar futbol taldearen aktualitatearen gaineko sarreratxoaren ondoren, gaur egungo Eibar eta Bixenteren garaikoa -1980ko hamarkada bukaeran eta 1990eko hamarkadan Bigarren Mailan aritu zena- alderatu zituen Urbietak. Hegazkinean bidaiatu beharrean autobusean ibiltzen zirenean, jokalari askok futbola beste lanbide batekin partekatzen zutenean... sakrifizioaren zentzua orain baino nabarmenagoa ez ote zen eta zenbait balore galdu ez ote diren. Gauza batzuk aldatu direla onartu zuten hiruek, are gehiago aurten, Lehen Mailara iritsita; baina profesionalizazioa areagotuta ere balore nagusiak, talde lana bezalakoak, mantentzen direla esatean bat etorri ziren.

Kirola eta parranda uztartu ezinak al diren ala ez ere hizpide izan zuten. "Badaude egunak egiteko", esan zuen Añibarrok. Are gehiago, partida baten ondoren pare bat egun libre dituztenean "entrenatzaileak berak esan izan digu, 'orain, joan eta hartu zerbeza batzuk, eta bi egun barru etorri berriro pilak ondo kargatuta'", aitortu zuen. Eibarko entrenatzailea izango da, hain zuzen, Sanagustinen bere jokalariei lekukoa hartuko diena: Aho Bizarrik Gabe solasaldian gonbidatu izango da Gaizka Garitano, martxoaren 10ean.

Futbola gustatzea vs famatu izatea

Lehengo eta oraingo Eibar alderatzetik, orain profesionalak direnek eta izandakoak umetan futbola nola bizi zuten eta gaur egungo umeek nola bizi duten alderatzera bideratu zuen solasaldia kazetariak. Eta hor ere bat zetozen hiruak, gauza asko aldatu direla esaterakoan. Gaur egun, komunikabideen bidez eta, umeei "futbolaren irudi jakin bat saltzen zaie, gora iritsi edo ezer ez". Txustak, berak umeekin bizi duen esperientziatik abiatuta, zera zioen: "Famatu izatea eta horrelakoak dira futbolean ikusten dutena. Famatu izatea nahi dute, futbola berdin zaie".

Ingurumari horretan, nola ez, Cristiano Ronaldoren izena agertu zen, baina bi norabidetan: izar portugaldarrak ematen duen irudia eredu ezkor moduan hartu arren, ez ote da bera benetan sakrifizioaren eta lanaren adibidea futbolean, iritsi den lekura iristeko eta hor mantentzeko egindako ahaleginagatik? Horixe jarri zuen mahai gainean Urbietak, eta "bai, baina..." erantzun zuen Añibarrok. "Niretzat Cristiano ez da eredua. Nire begietan, Bixente bezalako jendea dago", esan zuen Eibarko kapitainak.

Gaur egungo umeen eta futbolaren arteko harremanarekin jarraituz, futbol eskolen gaia ekarri zuen solasaldiaren gidariak. Urbietak berak "futbolean jokatzeko eskolara joan behar" horrek ezkorretik baikorretik baino gehiago duela iritzita hitz egin zuen eta, kasu horretan, parte batean behintzat eman zioten arrazoia. "Kaleko futbola galdu egin da", zioen Bixentek. Gipuzkoan indarrean den araudiarekin, konpetizioko futbolean beranduago hasten dira umeak, eta hori kalterako ez ote den galdetuta, "gaztetan ikasi eta esperientzia hartzen da", erantzun zuen Añibarrok, "ez dut uste irabazteak eta galtzeak on giten dionik ume bati". Bixenteren ustez, aldiz, "umeek partida irabaztea, gola sartzea... dute buruan, ez ikastea. Gauzak errepikatzea eta errepikatzea, hori da gakoa, zerbait erakutsi nahi bazaie". Talde lanaren garrantziaz jabetzea ere ez da erraza adin txikietan, Txustaren esanetan: "Zaila da ume bati taldearen garrantzia azaltzea. Hori irudikatzea lortzen duen entrenatzailea izango da entrenatzaile ona".

Ia ordubeteko jardunaren ondoren, eta gurasoen paperari ere 'errepaso' txiki bat eman ondoren, ikus-entzuleen galderen txanda iritsi zen eta, horrekin batera, solasaldiaren hasierara itzuli ziren kontuak: Eibarren aktualitateaz eta azken jardunaldietako pattalaldiaz agertu zituzten kezkak Sanagustinen bildutakoek. Asteburuko derbian Ipuruan Athletic gainditzen ahaleginduko direla erantzun zuten futbolariek, ez denen, baina bai gehienen lasaitasunerako.